Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak 'Hala, Birala!' izeneko kultura digitalari buruzko lau eguneko campusa antolatu dute gaztetxoentzat Euskararen Etxean. Bi atal izango ditu, abenduaren 26an eta 27an lehena, eta urtarrilaren 2an eta 3an bigarrena, eta bakarra edo biak egin daitezke.
Antolatzaileek azaldu dutenez, egunero, lau ordu eta erdiz, animazioa, euskarazko bideojokoak, sare sozialen inguruko erabilera eta jokabide egokiak, kartelgintza eta bideoen edizioa jorratuko dira, hezitzaileek gidatuta eta adituen laguntzarekin.
Campusa euskaraz egingo da, eta atal bakarra egiteko 10 euro eta biak egiteko 17 euro ordaindu beharko dira. Bilbon erroldatutako 2012. eta 2013. urteetan jaiotako gazteentzat da campisa, eta binaka izena emateko aukera dago.
Jarduerak Euskararen Etxean egingo dira, 09:30etik 14:00etara, eta aurretiko izen-ematea azaroaren 11ra arte dago zabalik. Plazak zozketa bidez esleituko dira, eta emaitza azaroaren 13an argitaratuko da. Plaza lortu dutenen behin betiko izen-ematea azaroaren 14tik 21era egongo da zabalik.
Bestalde, Gizarte Eraginari buruzko I. Topaketa egingo da Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean datorren asteartean, azaroaren 5ean. Antonio Aranzabal Fundazioak sustatu du jardunaldia, Artizarra Fundazioarekin, Deusto Business School ikastegiarekin, Rural Kutxarekin eta Sinnple enpresarekin batera, eta gizartean eragina duten ekimenak egiten ari diren entitateak eta eragileak elkartuko ditu.
Gizartean eragina duten entitateen lehen topaketak eztabaida foro bat izan nahi du, esparruko jardunbide egokiak eta enpresek, administrazioek, elkarteek eta abarrek garatzen dituzten gizarte eragineko ekimenen adibideak ezagutarazteko, Deustuko Unibertsitatetik jakinarazi dutenez.
Horrela, gizarte eragineko ekimenak garatzen dituzten edo garatu nahi dituzten entitateetako ehun ordezkari eta kide baino gehiago elkartzea espero da. Horiekin batera, topaketan izango dira gizarte ikuspegia kontuan hartzen duten enpresa txiki eta ertainetako eta familia enpresetako arduradunak, start-up enpresak, hirugarren sektoreko entitateak, ekintzaileak, inbertsiogileak, erakunde publikoetako ordezkariak (Gipuzkoako Foru Aldundia), enpresa esparruko elkarteak (Elkargi, Merkataritza Ganbera, BIC Gipuzkoa) eta abar.