Beste urte batez, Eusko Labelek Donostiako Zinemaldian duen presentzia mantenduko du. Hain zuzen ere, erakundeak hamarkada bat darama Zinemaldiarekin elkarlanean. Horri esker, marka erreferente bihurtu da Zinemaldiaren barruan, eta babestutako produktuek gero eta presentzia eta aitortza handiagoa lortu dute urtez urte Zinemaldiaren inguruan antolatutako koktel ofizialetan.

Irailaren 20tik 28ra bitarte egingo den 72. edizioan, iaz abian jarritako mikrofilm laburren Eusko Label saria banatuko da berriro ere. Frédéric Boyer-ek, Tribecako, Les Arcseko eta Reykjavikeko jaialdietako zuzendari artistikoak, zuzendutako epaimahaiak bi sari banatuko ditu. 9 film labur izango dira sariak eskuratzeko hautagaiak. Mikrofilm labur horiek izan dira lehiaketaren bigarren ediziora aurkeztutako 30 lan baino gehiagoren artean aurrez aukeratutakoak. Lehiaketaren bultzatzaileak dira Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila, HAZI enpresa publikoaren bidez, eta Zinemaldia.

Ekimenaren helburua hurbileko produktua zinemaren bidez zabaltzea eta babestea da, bai eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea ere. Horregatik, mikrofilm laburren kalitate artistikoaz gain, gure gizarte-ereduaren oinarri gisa landatar ingurune eta itsasertz bizia izatearen garrantziari buruzko mezu positiboak zabaltzea baloratuko da. Era berean, lehen sektoreko eta landatar inguruneko eta itsasertzeko pertsonek eredu horren barruan betetzen duten zereginari balioa ematea ere baloratuko da.

Aurkeztutako lanak telefono mugikorrarekin egindakoak dira, eta haien iraupena hiru minutu baino gutxiagokoa da. Eusko Label sariaren zenbateko ekonomikoa 6.000 eurokoa izango da lehen postuaren kasuan, eta 4.000 eurokoa bigarren postuan geratzen denarentzat. Gainera, bi mikrofilm laburrak Donostiako Zinemaldiaren baitan proiektatuko dituzte.

Euskadi Basque Country-bertako produktuaren enbaxadore saria

Zinemaldiak irauten duen bederatzi egunetan, Euskadi Basque Country karpa egongo da zabalik Kursaaleko terrazan. Karpa horrek hainbat gune izango ditu filmetako taldekideentzat, akreditatutako pertsonentzat eta publiko orokorrarentzat, eta bertan kalitatezko euskal produktuekin egindako edariak eta pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Karpa horretan bertan, Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Euskadi Basque Country-bertako produktuaren enbaxadore saria emango du. Aipatutako sari horrek, duela hamar urtetik, zinemaren munduko profesionalek egindako lana aitortzen du eta Euskadiko gastronomia eta bertako produktua sustatzea du helburu. Saria Eusko Label izendapenaren eta Basque Wine (Arabako Errioxako ardoa, Euskal Sagardoa, Txakolina eta Euskadiko artisau-garagardoak jasotzen ditu) sustapen-markaren baitan jasotako Euskadiko kalitatezko elikagaien eta edarien loteak osatzen du.

Aurreko urteetan, saria prestigio handiko aktoreek jaso izan dute eta, horien artean, honako hauek dira aipatu beharrekoak: Santiago Segura, Carmen Machi, Chino Darín edo, iazko sariduna, Marisa Paredes.