AEK-k 'Euskara eroso bizitzeko' 2024-2025eko ikasturteko matrikulazio kanpaina jarri du martxan, eta horrela, matrikulazioa zabalik dago jada AEKren euskaltegietan, "herritarrek euskara eroso ikas dezaten bertan".
AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek aurkeztu dute kanpaina asteazken honetan Bilboko Kalderapeko Kulturgunean, eta agerraldian Lurdes Etxezarreta Artabe Bizkaiko ordezkariak hartu du hitza. Aize Otaño Lizarralde Gipuzkoako ordezkaria, Xabier Gartzia Castell Nafarroako ordezkaria, Bixente Claverie Iparraldeko kidea eta Maialen Begiristain Grado Arabako ordezkari berria ere izan dira agerraldian.
Etxezarretak azaldu duenez, AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea, eta, hori dela-eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen da. "Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe", adierazi du.
Euskaltegiak "euskara ikasteko gune erosoak" izatea nahi dutela nabarmendu du, eta ikasleak handik ateratzean "gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera" izan dezaten bilatzen dutela, hala nola lagunartean, familian, lanean edota aisialdian.
Horretarako, eskaintza integrala du AEK-k, eta, sarean zein aurrez aurre euskara ikasteaz gain, erabilerarako aukerak ere eskaintzen ditu, besteak beste, 'AIZU!' aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikatu zerbitzua, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko.
Halaber, Etxezarretak salatu du azkenaldian epaitegietatik heldutako sententziek ez dutela uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztela hizkuntza eskubideak. "Gure eguneroko bizimoduan, euskaldunak garen heinean, eroso bizi nahi dugu euskaraz. Horregatik, euskaraz eroso bizitzeko aukera eskaini nahi diegu gure euskaltegietara hurbilduko diren guztiei, ikas-prozesua eroso bizi dezaten, estutuko dituen oinetakorik gabe, bizimodua deseroso bihurtzen diguten traba, muga eta oztopo barik, hizkuntza eskubideak urratzen dituen sententziarik jaso gabe epaitegietatik", azaldu du.
Bada, euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu jada AEKren ehundik gora euskaltegiak, ikasleen beharrizanetara egokitutako ordutegi, modulazio eta mailekin. Gainera, AEK-k euskara eskolak ematen ditu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. "Pantailen beste aldetik ere", nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, AEKren sareko euskaltegiko ikastaroen bitartez.