Mazoka Marrazki eta Ilustrazio Azokaren bederatzigarren edizioa egingo da Gasteizko Montehermoso kulturuneko ur biltegian abenduaren 20tik 22ra, eta paperean, zeramikan zein oihalean egindako marrazki eta irudiak erakutsiko ditu. Erakusketa eta salmentarako 40 postu izango dira bertan, ilustrazioaren, komikigintzaren, animazioaren, diseinuaren edo artearen arloko profesional eta ez-profesionalentzat.

Interesdunek formularioa bete eta www.mazoka.org webgunean dauden parte hartzeko arauak onartu beharko dituzte irailaren 30a baino lehen, eta urriaren 16an emango da epaimahaiaren erabakiaren berri.

Gasteizko Udaletik adierazi dutenez, Mazoka ez da azoka hutsa, profesional sortzaileen eta ikusleen arteko topagune bat ere badelako, baita sinergia, lankidetza, proiektu eta enkarguen sorrerari bide ematen dien plaza estrategikoa ere, mota guztietako diziplina eta tekniketako ilustratzaileak, marrazkilariak eta artista bisualak babestu eta saritzen baititu. Bada, helburu horrekin editatutako da 'Egileen Katalogoa' edizio honetako parte hartzaileekin; dibulgazio argitalpena den heinean, curriculum aitortza ematen du sektorean.

Beste azoka batzuekin alderatuta Mazokak duen ezaugarri bereizgarrietako bat da obra edo aplikazio guztiak 'mazokalari' izateko aurkezten diren pertsona edo artistek ilustratu behar dituztela, sortzailearen eta ikusleen arteko zuzeneko hurbiltasuna sustatuz.

Horrez gain, aurtengo edizioan, egiletzaren betekizuna nabarmenduz, oinarrietan berariaz jaso da ez dela onartuko adimen artifizial sortzailez egindako lanik, originaltasunik ez izateagatik eta kide sortzaileen egile eskubideak urratzeagatik.