Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak arreta berezia jarriko dute Andre Maria Zuriaren jaietan jende gehien biltzen duten ekitaldiak zaintzeko, eta segurtasun operatibo espezifikoa ezarriko dute Zeledonen jaitsieran, Farolen Prozesioan, Egunsentiko Arrosarioan edo Zeledon eta Neska Txikiaren jaitsieran.
Abuztuaren 3an arratsaldez hasiko dira bi polizia kidegoak elkarlanean, eta lankidetzak jaigune nagusietako segurtasuna bermatzen lagunduko du, delitu mota ezberdinei aurre eginez, besteak beste, ebasketei eta sexu askatasunaren aurkako delituei.
Aste honetan Gasteizko udaletxean Andre Maria Zuriaren jaien aurretik egin den Polizia Koordinaziorako Batzordearen ondorio nagusiak dira horiek guztiak. Bileraren buru Maider Etxebarria alkatea eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua izan dira.
Udalaren izenean, bileran izan dira Iñaki Gurtubai Herritarren Segurtasuneko eta Trafikoko zinegotzia, Josean Haro Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko zuzendaria eta Marian Vidaurre Udaltzaingoaren komisarioa; Segurtasunaren Saila ordezkatuz, berriz, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Karmelo Martinez Ertzaintzaren Arabako lurralde burua eta Alberto Ozaeta Gasteizko ertzain etxeko herritarren segurtasuneko burua izan dira.
Bada, abuztuaren 4an egingo da beirarik gabeko seigarren txupinazoa Gasteizko jaietan, eta 35.000 pertsona inguru bilduko direla aurreikusi da. Beirazko botilak edo debekatutako beste elementu batzuk ez direla sartuko bermatzeko, Andre Maria Zuriaren plazarekin komunikatzen diren bide guztietan 11 kontrolgune jarriko dira. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun perimetroak kontrolatuko dituzte, txupinazoa amaitzean esku hartuko duten garbiketa taldeei laguntza emango diete eta une oro huste bideak erabilgarri daudela bermatuko dute.