Gasteizek ofiziozko abokatuen "funtsezko" lana aintzatesten duen plaza du. Justizia Jauregiaren sarreraren parean, Ofiziozko Abokatutzaren plaza izena eman diote lorategiz inguratutako eremuari, Gasteiz hiribidearen eta Aranzabal eta Laskarai kaleen arteko bilgunean. Arabako Abokatuen Elkargoak aspalditik egin izan duen eskaera da, eta Gasteizko Udalak bete egin nahi izan du.
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Eskubideen sailburua, Anton Echevarrieta Arabako abokatuen dekanoa eta Arabako epaileen eta udalbatzako ordezkariak izan dira plazari izena ematen dion plana desestaltzeko egindako ekitaldian. "Toki berdea eta jasangarria da, Gasteiz bezalaxe, eta edozein gizarteren oinarri diren funtsezko printzipioen ikurra den Justizia Jauregiari begira dago", azaldu du alkateak.
Ekitaldi horretan, Etxebarriak "sistema judizialean betetzen duten funtsezko rola" nabarmendu du, eta plaza ofiziozko txanda osatzen duten profesionalei hiri osoak egindako aitortza dela. Gainera, Gasteizi eta Arabari egindako "ekarpen ordainezina" dela eta, "Arabako abokatutza guztiari" omenaldia egin nahi izan diotela esan du.
Bestalde, Gasteizko alkateak gogorarazi du ostiralean ospatuko dela Doako Justiziaren eta Ofiziozko Txandaren Eguna. Ofiziozko 40.000 abokatuk baino gehiagok egiten dute lan Espainian Doako Aholkularitza Juridikoko eta Ofiziozko Txandaren Zerbitzuen bidez. Hala, alkateak adierazi duen moduan, "herrialde honetako edonork jaso dezake aholkularitza juridikoa urteko edozein unetan eta eguneko edozein ordutan".