Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren 21. edizioa Euskal Herriko 38 udalerritan izan da, 850 ikusle bilduz, eta 11 emanalditan egileekin solasaldia egiteko ere aukera izan dute ikusleek. Zortzi film bildu dituen zikloa apirilaren 12an hasi zen Bergaran (Gipuzkoa), eta maiatzaren 19an amaitu Etxebarrian (Bizkaia).

Antolakuntzak jakinarazi duenez, zortzi film laburrek osatu dute bilduma, horietako asko ibilbide oparoa egindakoak dagoeneko mundu zabaleko zinemaldietan: 'Dena asmatuta dago' (Jone Arriola), Katalinaren zoria (Guillermo Ordas), Erro (Amaia Lejarreta), Babesa (Ander Iruretagoyena), Mundu berri bat (Mikel Alvarez), Zirrara (Ane Cuesta), Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta Betizu buru (Kim Maiteny Munoa).

Orotara, Laburbirak 850 ikusle erakarri ditu emanaldietara, eta aurten, berrikuntza gisa, filmik gustukoena hautatzeko aukera izan dute; guztiek ere balorazio oso onarekin puntuatu badituzte ere, Babesa eta Talkak izan dira boto gehien lortu dituzten filmak.

Bestalde, Bilboko Udalak urtero antolatzen duen Kalealdia Antzerkiaren eta Arteen Jaialdiak 25. urteurrena ospatuko du uztailaren 1etik 6ra bitarte, eta ostegun honetan aurkeztu du hiriko kale, parke eta plazetan egingo den ekimenaren irudia.

Antolakuntzako iturriek jakitera eman dutenez, azken ukituak ematen ari dira mota guztietako publikoei zuzenduta antolatuko den programazioari, eta laster aurkeztuko dute.

Edonola ere, iragarri dute nazioarteko ospea duten konpainiak eta eta bertako zein Espainiako Estatuko artista ugari izango direla egitarauan. Gainera, Bilboko zazpi taldek parte hartuko dute Kalealdiaren 25. edizioan.