Gasteizko Udaleko gobernu batordeak Sports and Landscape S.L. enpresari San Martin kirolguneko futbol zelaiak berritzeko obren kontratua esleitzea onartu du ostiral honetan. Lanen aurrekontua 586.820,17 eurokoa izango da eta 100 eguneko gauzatze epea izango dute.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, futbol 11ko zelaiak ia 7.000 metro koadro ditu eta futbol 5ekoak 1.000 metro koadro baino gehiago. Futbol zelai handiena belar artifizialekoa da, baina egoera txarrean dago eta osorik ordezkatu behar da; txikia, berriz, aurreko zaharberritze lan baten ondorioz, asfaltozko zoladurarekin amaituta dago, eta, hori dela eta, han ere soropil artifiziala jartzeko egokituko dute.

Futbol 11ko zelaiak ia 7.000 metro koadro ditu eta futbol 5ekoak 1.000 metro koadro baino gehiago

Halaber, beroketak egiteko gune txiki berri bat prestatuko da, partidak hasi aurretik taldeei beroketak egin ahal izateko espazioa falta baitzitzaien instalazioetan. Eremu berri horri esker, kirol instalazioaren erabilera optimizatu ahal izango da, partidak modu jarraituagoan antolatuta.

Beste gai batzuk

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordeak 2024ko Azkena Rock Festival jaialdia babesteko kontratua ARF Vitoria-Gasteiz SL enpresari esleitzea onartu du. Zehazki, Vitoria-Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 379.999,89 eurorekin babestuko du jaialdia.

Mendizabalan egingo den jaialdia ekainaren 20tik 22ra izango da eta aurten ere lehen mailako kartela izango du nazioarteko artistei esker: Jane’s Addiction, Queens of the Stone Age, Band of Horses eta Sheryl Crow besteak beste.

Jaialdia 2002an sortu zen eta, 20 urte baino gehiagoren ondoren, hitzordu finko bihurtu da rock zaleen egutegian. Genero horretako jaialdirik onenetako bat da eta, urtero, milaka pertsona erakartzen ditu Gasteizera. Horrek guztiak hirian inpaktu ekonomiko eta turistiko positiboa sortzen du.