Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 236 enpresa gehiago erregistratu dira martxoan otsailarekin alderatuta, eta hori 2019tik martxorako zifrarik onena da. Horrela, orotara, Gizarte Segurantzan izena emanda dauden 57.835 konpainia daude EAEn, duela urtebete baino 127 gehiago (+%0,2), Confebask enpresaburuen erakundearen datuen arabera.
Urteko alderaketan, sektoreka, erregistratutako enpresa kopurua industrian baino ez da jaitsi, eta 2020an pandemiaren aurretik zeudenekin alderatuta gehien jaitsi dena ere bada, 325 gutxiagorekin (-%4,9).
Autonomoen kopuruari dagokionez, martxoan 455 gehiago ziren EAEn, 2014. urtetik martxoan izan den kopururik altuena, eta horrela, orotara 166.849 autonomo daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nolanahi ere, oraindik gutxiago dira duela urtebete zeudenak baino, urte arteko %0,7ko jaitsierarekin, eta 2020ko otsailarekin alderatuta, 3.395 autonomo gutxiago daude, hau da, %2 gutxiago.
Bestalde, Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegi homogeneoari dagokionez, Euskal AEko industria-produkzioa aurreko urteko hil berean izandakoa baino %1,0 txikiagoa izan da 2024ko otsailean. Aurreko hilaren aldean, Euskal AEko industria-jarduera %0,3 murriztu da azken hilabetean, urtaroen eragina zuzenduta. Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, Energiaren produkzioa %8,6 igo da 2024ko otsailean, aurreko urteko hil beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioaren finketa.
Ekipamenduko ondasunen produkzioa %2,9 hazi da, aurreko urteko otsailarekin alderatuta. Sektore honek barne hartzen ditu ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta tren-materialen eraikuntza eta aeronautikaren edo itsasontzien eraikuntza. Kontsumo-ondasunek ere urte arteko joera positiboa izan dute 2024ko otsailean, produkzioa %1,4 hazi baita sektore osoan. Igoera hori Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren portaerari zor zaio, bertan baitaude elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa, farmazia-produktuak eta jantziak egitea. Hain zuzen ere, azken hauek %4,8ko igoera izan dute. Kontsumo-ondasun iraunkorren ekoizpenak, aldiz, %12,4 egin du atzera, hala nola altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioak.