Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Bakerako ura jardunaldia antolatu dute ostiralean, martxoaren 22an, Ataria Salburuko Interpretazio Zentroan, ekainaren 10etik 14ra bitarte ospatuko den Arabako Ingurumenaren Astearen aurrekari bezala, uraren zentzuzko erabilerari buruz sentsibilizatzeko asmoz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Jardunaldi honetan, planetan bizi ahal izateko baliabide horrek duen garrantziaz hausnartu eta sentsibilizatuko da. Lan ildo horretan, elementu likidoari eta haren kudeaketari buruzko hainbat alderdi jorratuko dira. Horrela, Foru Aldundiak lurpeko ur baliabideei buruzko informazioa biltzen duen plataformaz hitz egingo du, zeina Arabako ur aprobetxamenduen lehortearekiko erresilientzia errazteko garatu baita, eta AMVISAko gerenteak uraren hiri zikloari eta bizitzarako eta jarduera ekonomikorako funtsezko baliabide horren erabilera zentzuzko eta eraginkorrari buruz hitz egingo du.

Gainera, adituek gogoeta egingo dute gizakiak urari dagokionez gaur egun dituen erronken inguruan, eta arreta jarriko dute Mar Menorreko aintziraren egoeran eta ekosistema horri nortasun juridikoa emateko ekimenean; izan ere, ekosistema horri bere balio ekologikoarekin bat datozen eskubide batzuk ez ezik hura babestuta egotea bermatuko duen belaunaldien arteko elkartasuna eman nahi zaizkio.

Herritarrak sentsibilizatzeko, hainbat jarduera programatu dira ekainean, planetak izan behar dituen gehieneko mugen gainekoak, Stockholmeko Erresilientzia Zentroaren lan ildoetan oinarrituta. Proposamen multzo bat, mahai inguru baten formatupean airearekin, urarekin, lurzoruarekin, klimarekin, ibaiekin eta bizitzarekin lotutako gaiak jorratuko dituztenak, zientziaren eta gizarte ekintzaren ikuspegitik.

Europa Jauregian planetarako jardunaldiak izango dira, eta, gainera, ekainaren 12an "Nire parke gogokoena" lehiaketaren sariak emango dira. Lehiaketa hori gazteei zuzendutako hezkuntza proposamen bat da, lurraldeko natura ingurunea mantentzea, babestea eta zaintzea sustatzeko.

Era berean, aurreikusita dago Gasteizko Probintzia plazan Klima Azoka bat egitea ekainaren 14, 15 eta 16an, jolas interaktiboen eta dinamika ludikoaren bidez herritarrak kontzientziatu eta mobilizatu ahal izateko klima aldaketaren ondorioen eta keinu txikiek eguneroko ohituretan duten garrantziaren inguruan, keinu txikien bidez aldaketa arintzen eta egokitzen laguntze aldera.

Karpa bakoitzean, gure eguneroko bizitzako hainbat alderdiri buruz eta klima aldaketan duen eraginari buruz sentsibilizatzeko jolasak egongo dira. Azken helburua da pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea, ekintzaren batekin konprometitzea.