Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 200 familiak eta 20 ikastetxek baino gehiagok hartu dute parte orain arte 'Elikation' proiektuan, euskal gazteen elikadura eredua hobetzeko. Ekimenak erronka estrategiko horri erantzun nahi dio eta haurtzaroko eta nerabezaroko janariarekiko harremanak ikertu, eredu osasungarriago eta jasangarriago bat bultzatzeko aukerak hautemate aldera. Lehen faseak abian direla, datozen hilabeteetan ondorioak ateratzeko aurreikuspena dago.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Askora enpresaren arteko lankidetzatik sortu da 'Elikation' proiektua. Lehena 'Elikadura Jasangarria' misioaren barne bultzatzen ari da ekimena, eta bigarrenak 19 urteko esperientzia du eskola jantokiak diseinatzen eta kudeatzen. Horrez gain, Karabeleko etxalde agroekologikoaren, Jesuitak Donostia ikastetxearen eta Lazkaoko San Fidel ikastolaren bultzada ere du proiektuak.
Egitasmoa ezagutarazteko, Donostiako lau haur parketan mezu batzuk jarri dituzte, agerian uzteko garrantzitsua dela gazteen elikadurari ikuspegi global batetik heltzea, ikastetxeak, familiak eta, oro har, gizartea inplikatuz.
'Aitorrek fruta darama hamaiketakorako, baina nahiago luke txokolatezko ogitarteko bat, bere lagunek bezala' edo 'Shamirak pizza afaltzen du asteburuetan, ikastolako jantokian osasuntsu jaten baitu astean zehar' moduko mezuak agertzen dira karteletan, eta familiei 'Elikation' ekimenean parte hartzeko gonbidapena egiten zaie QR kode batean sartuz.
Proiektuaren komunikazio ardatz nagusietako bat www.elikation.eus webgunea da, non eskola adinean dauden adingabeak dituzten EAEko familiek beren elikadura ohiturei buruzko galdetegi bat betetzeko aukera duten. Webguneak 'mikrofono ireki' bat du, eta, bertan, familia elikadurarekin lotutako zenbait gairi buruzko gogoetak grabatu ahal izango ditu nahi duenak.
Orain arte, 200dik gora familiak bete dute inkesta, baina oraindik ere galdetegia osatu eta ikerketa aberasten jarraitzeko aukera dute etxean adin txikikoak dituztenek. Ikerketak ikastetxeetan jartzen du arreta bereziki, eta horiek bertan lantzen duten elikadura ereduari buruzko informazioa ere ematen ari dira azterlanerako.
Azkenik, eta ikerketaren kalitatea are gehiago aberasteko asmoz, hamar euskal familiarekin esperimentu bat egin da. Elikadurarekin lotutako hainbat erronka proposatu zaizkie, eta familiek horiei heldu diete eta prozesua bideoetan dokumentatu dute. Ikus-entzunezko horiek lan materialaren parte dira jada, eta ikasteko, hobekuntzarako arloak identifikatzeko eta ekintza zehatzak proposatzeko balio dute.