Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatuak gaur arratsaldean jaso ditu FITURen Izki, Gorbeia eta Valderejoko parke naturalei emandako Natura 2000 Sareko natura turismoaren jasangarritasunaren atxikipen eta aitorpen ziurtagiriak. Araban, Salburuko naturagune babestuak badu aitorpen hori dagoeneko.
Aitorpen hori Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak sustatzen du, eta haren helburua da Natura 2000 Sareko guneetan ekoturismoarekin lotutako jardueren garapen eta kudeaketa jasangarri hobea bultzatzea, bertan jarduten duten natura turismoko enpresen eta kudeatzailearen baterako inplikazio zuzenaren bidez.
Sistema horren bidez, honako hauek egin nahi dira: Natura 2000 Sareari balioa eman, eta hura kontserbatzen lagundu, erabilera publikoaren eta natura turismoaren kudeaketa eta antolamendua hobetzearen bidez; turismo enpresak guneen kudeaketan eta kontserbazioan inplikatu; administrazioen eta erabiltzaileen aurrean guneen eta enpresen jasangarritasunerako konpromiso bermea eman; eta, era berean, konprometitutako enpresei bereizketa eta lehiarako abantaila eman.
Amaia Barredoren arabera, aitorpen horrek berekin dakar “nabarmentzea foru erakundeak egiten duen kudeaketa, bateragarriak izan daitezen, batetik, balio naturalen kontserbazioa babestea eta, bestetik, Izki, Valderejo eta Gorbeian egiten den natura turismoko jarduera eta, horrez gain, tokiko garapen jasangarriari laguntzea”.
2022an, Salburua KBE/HBBEaren ziurtagiria eskuratu zen, eta 10 enpresa atxiki zitzaizkion, bai ostatuak, bai lurraldeko turismo gidariak. Lehen eremu horren esperientzia oso positibotzat jo ondoren, foru erakundeak ziurtapen prozesu hori bera beste naturagune batzuetara eraman du, hala nola Gorbeiako Parke Naturalera eta KBEra, Izkiko Parke Naturalera eta KBE/HBBEra eta Valderejoko Parke Naturalera eta Valderejo-Arzena mendilerroa-Sobron KBE/HBBEra. 2023an hautagaitzarako beharrezkoa zen dokumentazioa prestatu da, eta 2024aren hasieran lortu da ziurtagiria.
Ildo horretan, Amaia Barredok azpimarratu duenez, "lanean jarraituko dugu ziurtagiri hori gure lurraldeko naturagune gehiagotara irits dadin, non erabilera publikoa eta jarduera ekoturistikoa modu jasangarrian kudeatzen baitira, eta gune horietan errespetuz jarduten duten enpresei balioa ematen baitzaie, garapen sozioekonomikoa sortzeko gai izanik, inguratzen gaituzten natura baliabide bikainak ahalik eta kontu handienarekin zainduz".
Gorbeiako Parke Naturala eta ES2110009 KBE
Gorbeiaren jatorria orain dela 100 milioi urte baino gehiagokoa da, itsasoak estaltzen zuen garaikoa. Gerora, material horiek tolestu eta altxatu ziren, eta milaka urtetan izaki bizidunak naturagune hori kolonizatuz joan ziren. Pagoek, haritzek, ametzek, arteek, haltzek… hartu zituzten lur haiek baso zabalak eratuz, eta oraindik ere Arabako aldean baso horien lagin bikainak gordetzen dira.
Baso, hezegune, belardi eta harkaitz horietako animalia ugarien erakusgarri dira baso igel gorria, uhandre alpetarra, harkaitz sugandila, oreina, orkatza, lepahoria, basakatua, okil handia, sai zuria, aztorea eta harkaitz-zozo gorria.
Parke naturalaren bi interpretazio zentro daude, bata Arabako isurialdean, Sarrian, eta bestea Bizkaiko isurialdean, Areatzan. Naturgune horrek 22 bidexka ditu, eta 2023an 130.000 bisitari baino gehiago joan ziren eremuaren Arabako aldera.
Izkiko Parke Naturala eta ES2110019 KBE
Izkiko parke naturala Arabako hego-ekialdean dago eta, bertan, paisaia ugari daude. 9.482 hektarea ditu, eta huraxe da Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren parke naturalik handiena da, Gorbeia, Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturalen atzetik.
Funtsean, Izki basoa eta arroka da. Batez ere, ameztiak hazten dira parkean, baina pagadiak, garrigak, haltzadiak, erkameztiak, baso mistoak, urkidiak ea lertxunen zuhaiztiak ere bai. Ibai txikiek –Izki, Molino, Berron– zeharkatzen dute harana. Zenbait puntutan, ura azaleratzen da, putzuak, istingak eta zohikaztegi hasiberriak sortuz. Hezegune horietan, anfibioz eta hegaztiz osatutako fauna interesgarriaz gainera –txilinporta txikia, murgil handia...–, flora baliotsua garatu da; esate baterako, igebelar zuria.
Parketxe bat du Korresko herrigunean, atsedenleku bat eta balizatutako 15 bidezidorreko sare bat. 58.000 bisitari baino gehiago joan ziren Izkira 2023an.
Valderejoko Parke Naturala eta Valderejo-Arzena mendilerroa-Sobron ES2110024 KBE/HBBE
Valderejo-Arzena mendilerroa-Sobron KBE/HBBEa bi sektoretan banatutako naturagune bat da: Valderejo eta Arzenako mendilerroa, eta Sobrongo sektorea.
Valderejo Araban mendebalderen dagoen haran txikia da; 1992an izendatu zuten parke natural. Arabako parke naturalik txikiena da, 3.496 hektarea baino ez ditu eta. Txikia izan arren, ekosistemen eta paisaien dibertsitate handia dauka.
Parke naturalak bisitarientzako bi zentro ditu: Valderejoko parketxea (Lalastra) eta Sobrongo Uraren Museoa. Valderejok balizatutako 9 bidezidor ditu, eta 32.000 bisitari baino gehiago bertaratu ziren 2023an. Sobronen balizatutako 7 bidezidor prestatzen ari dira.