Udalak antolatutako aurreko Haurrentzako Eguberrietako Parkearen helburu nagusia inklusioa izan da, eta berdintasunari eta generoaren, etniaren, jatorriaren, kulturaren eta haurtzaroko gaitasunen araberako mugak gainditzeari erreparatu dio bereziki. HEP amaituta, Gobernu irekiaren eta gizarte Etxeen balorazioa positiboa da, izan ere, “behar berezienganako arreta oso ondo baloratu dute bai eragindako familiek, bai gainerako parte-hartzaileek”, Miren Fernández de Landa zinegotziak azaldu duenez.

Inklusioa eta diskriminazio positiboa uneoro eta HEPren arlo guztietan gauzatu dira, bertatik esan zutenez. "Oso modu positiboan baloratu dituzte arreta pertsonalizatua eta lehentasunezkoa. “Haurrentzako Eguberrietako Parkera joaten ziren haur guztiek gozatu ahal izatea zen helburua, edozein behar izanda ere. Hori horrela, parkea egokitu da pertsona horietara eta ez pertsona horiek parkera”, gehitu du zinegotziak. Behar izan duten pertsonek ez dute HEPz gozatzeko itxaron beharrik izan eta lehenengoak izan dira jardueretan. Halaber, denbora jakin batean zehar jarduerak pertsona horiek soilik erabiltzeko aukera ezarri da, behar izan den guztietan. Jarduteko modu hori asko eskertu dute eragindako familiek eta gainerakoek ere ulertu egin dute. Hortaz, udala gogobeteta dago", azpimarratu zuten.

Zinegotziak eskerrak eman dizkie inklusioaren helburua betetze aldera laguntzen aritu diren kolektiboei. Aspace, Zuzenak, Itxaropena, Mujeres Vascas Africanas Dejlia Taama Musoo eta Colombia-Euskadi elkartea izan dira. “Asko lagundu digute HEP arrakastatsua izan zedin, haien ikuspegia, materialak eta jarduerak eskainiz”.

Jarduerarik arrakastatsuenak puzgarriak izan dira, baina egokitutako kirolek, ikusmen baxuko pertsonei egokitutako jokoek, gamer eremuak eta haurtxoentzako espazioak ere emaitza oso onak izan dituzte.

Green capital aretoa

Olarizu aretoa izan da jende gehien hartu duena. Bertan egon dira puzgarriak, aurpegia margotzekoak, eszenatokia, karaokea, egokitutako kirolak, zirkoko jolasak eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzat pentsatutako jolasak. Green Capital aretoan mahai-jokoak eta tailerrak, ipuin-kontalariak, liburutegi zirkularra eta jolasen trukerako merkatua izan dira. Espazio horrek jarduera lasaiagoak egiteko aukera eskaini du eta oso ondo funtzionatu dute horiek ere; hortaz, datorren edizioan espazio gehiago izan dezaten baloratuko da. Esaterako, adierazgarria da turbanteen tailerrak izandako arrakasta.

0 eta 4 urte bitarteko aurrentzako Hiribideko begiratokia aretoan, adierazgarria izan da haurtxoentzako orgentzako espazioa beteta egin dela maiz eta beste espazio bat jarri behar izan dela. Gainera, autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrentzako espazioa oso ondo baloratu dute eta eskertu egin dute erabili duten familiek. Armentia aretoan play stationak, wii jokoa eta simuladoreak izan dira, eta gurasoentzako atseden-lekua eta seme-alabek jolastekoa bihurtu da.

Jende-kopuruari dagokionez, 17.703 pertsona izan dira, azken bi edizioen ildo beretik (2022an 18.158 eta 2019an 17.006, pandemiaren geldialdia dela eta). Jende gehien abenduaren 27an, asteazkenean, izan zen, 2.799 pertsona, eta, ondoen, urtarrilaren 3an, asteazkenean, 2.444 pertsona. Sarrerak erosteko kanalari dagokionez, 11.131 sarrera (% 62,88) online erosi ziren. Alderdi positiboa da hori, kalean itxaron behar izatea ekiditen delako eta erosoagoa delako. Goizetan, batezbestekoa 812 pertsonakoa izan da; arratsaldetan berriz 1.046 pertsonakoa. Kopuruak oso onak dira. Guztira, 8.122 pertsona izan dira goizeko saioan eta 9.581 arratsaldekoan.

“Europa jauregia kokapen pribilegiatua izan da HEPrentzat, mugarik gabeko espazio handia baita. Arrazoi horiek, irisgarritasuna eta garraio publikoan iristeko erraztasuna direla eta, leku oso egokia iruditzen zitzaigun eta hala frogatu da praktikan”, adierazi du Fernández de Landak.