Eustaten datuen arabera, 2023ko azaroan Euskal AEko hotel-establezimenduetako sarrerek % 7,3ko igoera izan dute, eta ostatu-gauek % 8,8koa, urtetik urtera. Zehazki, 265.072 sarrera eta 498.053 ostatu-gau izan dira.
Sarreren % 34,8 eta ostatu-gauen % 36,8 atzerritar jatorriko pertsonenak izan dira. Kasu horietan, sarrerek % 14,5eko igoera izan dute, eta ostatu-gauek % 18,8koa.
Araban, 36.849 sarrera eta 76.303 ostatu-gau erregistratu dira, hau da, aurreko urteko azaroan baino % 3,3 eta % 13,8 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, berriz, sarrerek % 10,5eko igoera izan dute, eta ostatu-gauek % 7,0koa. Guztira, 124.767 sarrera eta 223.342 ostatu-gau izan dira. Azkenik, Gipuzkoan 103.456 sarrera erregistratu dira 2023ko azaroan, hau da, 2022ko azaroan baino % 5,1 gehiago. Ostatu-gauak, berriz, 198.408 izan dira, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino % 9,2 gehiago.
Hiriburuei dagokienez, sarreren kopuruak % 2,7ko igoera izan du Gasteizen, % 9,1ekoa Donostian eta % 11,2koa Bilbon. Era berean, aurreko urteko azaroarekin alderatuta, ostatu-gauak % 17,3 igo dira Gasteizen, % 11,1 Donostian eta % 10,6 Bilbon.
Euskal AEko hotel-establezimenduetako batez besteko egonaldia 1,88 egunekoa izan da 2023ko azaroan, hau da, aurreko urteko hilabete berekoa baino handiagoa (1,85 egun 2022ko azaroan). Batez besteko egonaldiak ez du adierazten Euskal AEra etortzen diren bidaiarien egonaldiaren guztizko iraupena, gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean batez beste ematen duten egun kopurua baizik.
Azaroan, Euskal AE osoko okupazio-maila % 47,9ra iritsi da plazen arabera neurtuta, eta % 60,0ra gelen arabera neurtuta. 2022ko azaroarekin alderatuta, igoerak 2,7 eta 3,2 portzentaje-puntukoak izan dira, hurrenez hurren.
Euskal AEn, eguneko batez besteko tarifa edo ADRa (“logela bakarrik” erregimeneko gela bikoitz bainugeladunari aplikatua) 86,04 eurokoa izan da 2023ko azaroan. Beraz, % 7,3ko igoera gertatu da aurreko urteko azaroarekin alderatuta. ADRa 88,03 eurora iritsi da Bizkaian, 87,26 eurora Gipuzkoan eta 77,01 eurora Araban. Hiriburuen kasuan, ADRaren balioak honako hauek izan dira: 98,72 euro Donostian, 93,65 euro Bilbon eta 66,35 euro Gasteizen.
Euskal AEko hotel-establezimenduetan, RevPar edo gela eskuragarri bakoitzeko batez besteko diru-sarrerak 51,58 eurokoak izan dira 2023ko azaroan, hau da, aurreko urteko hilabete berean lortutakoak baino % 13,3 handiagoak.