Ertzaintzak gaur eta bihar Portugaleten egingo den Crash! Ikasleen Tokiko Azokaren bigarren edizioan parte hartuko du. Standera hurbiltzen diren pertsonei Ertzaintzaren barruan lanbide-karrerak eskaintzen dituen lan-irteera ugariei buruzko orientazioa eta informazioa emango zaie.
Ertzaintzak gaur eta bihar Portugaleteko Pando Aisia udal-kiroldegian gazteen enplegua sustatzeko egingo den tokiko azokaren bigarren edizioan parte hartuko du. Azokaren egunetan jarriko duen standean, interesa duten guztiek jaso ahal izango dute Ertzaintzan sartzeko bideari eta Ertzaintzaren barruan lanbide-karrerak eskaintzen dituen lan-aukera ugariei buruzko informazioa.
Azoka 9:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era egongo da zabalik gaur, asteartea, eta goizez bakarrik, 9:30etik 14:30era, bihar, asteazkena.
Bestalde, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia ere bertan dela, egin zen atzo goizean Arkauteko Zuzendaritza Batzordearen bilera. Bertan, 2023an egindako jardueren plana eta 2024rako plan berria azaldu dira. Plan horrek, datorren urterako, Euskal Poliziako agenteen hautaketa-prozesu bateratu berriaren deialdia jasotzen du.
Oposizio berria 2024aren hasieran (urtarrila/otsaila) deituko da, eta, aurreko LEPak bezala, oinarrizko eskalako eta Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitateetako plazak barne hartuko ditu, Ertzaintzan lanpostu huts gehien dituzten bi espezialitateak baitira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteak batera hautatzen eta prestatzen dituen bosgarren aldia izango da, eta, modu horretan, homologatu egiten du haien polizia-prestakuntza eta herritarrekiko arreta.
Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako plaza-kopurua oraindik zehaztu gabe duen oposizio-lehiaketa hau Eusko Jaurlaritzak XII. Legegintzaldi honetan deitzen duen laugarrena izango da, eta, horrela, urtero hautaketa-prozesu bat egiteko konpromisoa beteko du.
2024ko Prestakuntza
Akademiak 19.835.000 euroko aurrekontua izango du jarduera-plan hori gauzatzeko. Horren barruan, agente berriak hautatzeaz gain, sarrera-ikastaroak, mailaz igotzeko ikastaroak eta prestakuntza anitza eskainiko ditu Euskadiko segurtasun-sistema publikoa osatzen duten eragile guztientzat: udaltzaingoak, prebentzio-zerbitzuak, suteak itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuak, larrialdiei aurre egiteko teknikariak, babes zibila, Euskadiko boluntarioak, etab.
Prestakuntzaren barruan, 2024ko berritasun gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko diziplinarteko formakuntza-plan bat nabarmentzen da Euskal Poliziako etorkizuneko promozioetako agenteentzat, Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoaren barruan.