Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEn Internet erabiltzen duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonen kopurua (hau da, azken hiru hiletan etxean, lantokian, ikastetxean edo beste lekuren batean Internetera konektatu diren pertsonen kopurua) 1.671.300era iritsi da 2023ko bigarren hiruhilekoan. Pertsona horiek adin horretako euskal biztanle guztien % 88,3 dira. 2022ko aldi berarekin alderatuta, kopuru horrek ehuneko 2 puntuko igoera izan du.

Aurreko urteetan bezala, 65 urteko eta gehiagoko biztanleen kasuan igo da gehien Interneten erabiltzaileen kopurua (ehuneko 5,9 puntuko igoera). 2023. urtean, talde horretako biztanleen erdiak baino gehiago dira Interneten erabiltzaileak (% 61,2). Hala ere, zifra horiek oso urrun daude oraindik gainerako adin-taldeetako biztanleen zifretatik. Izan ere, biztanle horien % 96 baino gehiago dira Interneten erabiltzaileak, eta, 54 urtetik beherako biztanleen kasuan, ia guztiek erabiltzen dute Internet.

Internet erabiltzen duten gizonak gizon guztien % 89,3 dira, eta emakume erabiltzaileak, berriz, emakume guztien % 87,3. 2023. urtean, genero-arrakala izenekoa ehuneko 2 puntukoa da, hau da, 2022koa baino 0,4 puntu txikiagoa. Arrakala edo alde horren murrizketa adinik handieneko pertsonen taldeetan emakumeek gizonen aldean izan duten bilakaera hobearen emaitza da. Azpimarratu beharra dago 24.000 emakume internauta berri daudela 65 urteko eta gehiagokoen adin-tartean.

Lurralde historikoei dagokienez, Bizkaiak du erabiltzaileen ehunekorik handiena (% 88,7). Erabiltzaileen ehunekoaren igoerarik handiena, berriz, Gipuzkoak izan du, eta bigarren tokian kokatu da, % 88rekin. Azkenik, Araba da igoerarik txikiena izan duen lurraldea, eta hirugarren tokian kokatu da: 15 urteko eta gehiagoko biztanleen % 87,6k erabiltzen dute Internet.

Euskal AEko hiru hiriburuen kasuan, Bilbok du Interneten erabiltzaileen ehunekorik handiena (% 88,4, ehuneko 2,2 puntuko igoera). Gasteiz, berriz, ehunekorik handieneko hiriburua izan zen 2022an, baina bigarrena da 2023an (% 87,6, 0,8 puntuko igoera). Azkenik, Donostia hirugarren tokian kokatu da, igoerarik handiena izan badu ere (% 87,4, 2,5 puntuko igoera). Eskualde-mailan, erabiltzaileen ehunekoan agertu diren aldeak ehuneko 5 puntu ingurukoak izan dira. Baliorik handiena Plentzia-Mungiakoa izan da (% 90,8), eta txikiena, berriz, Arabako Mendialdekoa (% 86).

Jarduera kontuan hartuta, ia ikasle guztiak (% 99,9) eta ia landun guztiak (% 99,1) dira Interneten erabiltzaileak. Bestalde, biztanle ez-aktiboen eta langabeen ehunekoa (% 71,7), joan den urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta igoerarik handiena izan badu ere (4,3 puntu), oso urrun dago gainerako bi taldeen ehunekoetatik, eta aldeak ehuneko 27 puntutik gorakoak dira.

Interneten nabigatzeko hizkuntza nagusia gaztelania da (% 96,9), eta, haren atzetik, euskara eta ingelesa kokatu dira (% 20,1 eta % 15,3, hurrenez hurren). Internet erabiltzen duten ia biztanle guztiak (% 98,7) beren bizilekutik konektatzen dira Internetera.

Interneten erabiltzaileek komunikatzeko eta informazioa eskuratzeko zerbitzuak erabiltzen dituzte gehien. Erabilerarik zabalduena WhatsApp aplikazioarena eta berehalako mezularitzako antzeko beste aplikazio batzuena izan da. Zehazki, Interneten erabiltzaileen % 97,3k erabili dituzte. Erabiltzaile gehien-gehienek erabiltzen dituzte (% 95ek baino gehiagok), ezaugarri demografikoak edozein izanik ere (adina, sexua, jarduera). Adina kontuan hartuta, aplikazio horiek gutxien erabiltzen dituztenak 65 urte eta gehiagokoak dira (adin horretako Interneten erabiltzaileen % 95,3), eta adin horretako biztanle guztien % 58,3 dira (joan den urtean baino ehuneko 6,4 puntu gehiago). Komunikatzeko eta informazioa eskuratzeko zerbitzu horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: mezu elektronikoak jasotzea edo bidaltzea (% 85,2); albisteak, egunkariak edo gaurkotasun-aldizkariak irakurtzea (% 75,9), eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzea (% 84).