2023ko abuztuan, urtetik urterako balioetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetako sarrerak % 3,5 igo ziren, eta ostatu-gauak % 6,9, Eustaten datuen arabera. Erregistratutako 411.372 sarrerek guztira 896.915 ostatu-gau ekarri dituzte.
Sarreren % 51,9 eta ostatu-gauen % 48,6 atzerritar jatorrikoak izan dira; hala bada, sarrerak % 9,6 igo dira, eta ostatu-gauak % 15,2.
Araban 58.815 sarrera eta 118.406 ostatu-gau erregistratu dira, iazko abuztuan baino % 5,2 eta % 12,4 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, sarrerak % 1,7 gehitu dira, eta ostatu-gauak % 5,4; guztira 190.784 sarrera eta 408.804 ostatu-gau izan dira. Gipuzkoan, 161.773 sarrera erregistratu dira 2023ko abuztuan, 2022ko abuztuan baino % 5,0 gehiago, eta 369.705 ostatu-gau, iazko hil berean baino % 6,9 gehiago.
Hiriburuka, sarrera kopurua % 7,8 igo da Gasteizen, % 7,3 Donostian eta % 2,8 Bilbon. Era berean, iazko abuztuaren aldean, ostatu-gauak % 17,8 gehitu dira Gasteizen, % 9,1 Donostian eta % 6,6 Bilbon.
Euskal AEko hotel-establezimenduetako batez besteko egonaldia 2,18 egunekoa izan da 2023ko abuztuan, iazko hil berean baino gehiago, orduan 2,11 egun izan baitziren. Batez besteko egonaldiak adierazten du zenbat egun ematen dituzten bidaiariek batez beste gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean, eta ez Euskal Autonomia Erkidegoan guztira zenbat egun ematen dituzten.
Euskal AE osoko betetze-maila % 80,3 izan da abuztuan, plazaka neurtuta, eta % 87,5, gelaka neurtuta. 2022ko abuztuarekin alderatuta, igoerak ehuneko 1,9 eta 2,2 puntu izan dira, hurrenez hurren.
2023ko abuztuan, Euskal AEn, 135,96 euro izan da eguneko batez besteko tarifa edo ADRa (“logela bakarrik” erregimenean gela bikoitz bainugeladunari aplikatua), eta horrek esan nahi du % 9,0ko igoera izan dela iazko abuztuaren aldean. ADRa 170,56 euro izan da Gipuzkoan, 117,40 euro Bizkaian eta 94,56 euro Araban. Hiriburuka, aldeak handiagoak izan dira: ADRa 210,36 euro izan da Donostian, 129,20 euro Bilbon eta 85,22 euro Gasteizen.
Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetan, RevPar edo gela erabilgarri bakoitzeko batez besteko diru-sarrerak 118,91 eurokoak izan dira 2023ko abuztuan, iazko hil berean baino % 11,8 gehiago.
Abuztuan, Euskal AEko hiru hiriburuetan ospatzen dira zaindariaren jaiak edo aste nagusiak. Gasteizko hotel-establezimenduetan, Andre Maria Zuriaren jaietan (abuztuaren 4tik 9ra) 9.119 sarrera eta 18.932 ostatu-gau zenbatu dira, iazko aldi berean baino % 12,3 eta % 16,6 gehiago. Establezimendu mota horren betetze-maila % 79,7 izan da aurtengo jaietan, plazaka neurtuta, eta % 92,9, gelaka neurtuta.
Donostiako Aste Nagusia abuztuaren 12tik 19ra ospatu da 2023an. Aldi horretan 26.852 sarrera eta 62.432 ostatu-gau erregistratu dira guztira. Iazko Aste Nagusiarekin alderatuta, igo egin dira bai sarrerak (% 11,6), bai ostatu-gauak (% 11,4). Betetze-maila % 90 izan da, plazaka neurtuta, eta % 94,3, gelaka neurtuta.
Azkenik, 2023ko abuztuaren 19tik 27ra bitartean, Bilboko Aste Nagusia ospatu da. Hiriko hotel-establezimenduetako sarrerak 36.743 izan dira, eta ostatu-gauak 77.801. Bi zifra horiek iazkoak baino handiagoak dira: % 9,9 handiagoak sarreren kasuan, eta % 10,0 handiagoak ostatu-gauen kasuan. Betetze-maila % 84,3 izan da, plazaka neurtuta, eta % 91,6, gelaka neurtuta.