Kultura eta Kirol Sailak ebatzi du 2023ko ekitaldirako dirulaguntza ematea Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko ermitak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku hartzeak egiteko. Hain zuzen, hiru ermita diruz lagunduko ditu 100.000 eurorekin (iaz baino 25.000 euro gehiago).

Kultura eta Kirol Sailaren helburuetako bat da diruz laguntzea elementu txikiak, ermitak zein eraikinak kontserbatu eta/edo zaharberritzeko esku hartzeak sustatzeko toki erakundeek bultzatzen dituzten ekimenak, hartara sailak gure ondare arkitektonikoa kontserbatzeko eta zaharberritzeko duen konpromisoa ziurtatuz.

Gaur argitaratu den deialdia ermitena da, hain zuzen ere. 100.000 euroko dirulaguntza emango da, baina toki erakundeen 162.257,24 euroko guztizko inbertsiorako. Hau da, Foru Aldundiak haren % 61,63 hartzen du bere gain.

Iaz, deialdiak lau proiektu lagundu zituen diruz, guztira 75.463,14 euro emanda, eta aurten 100.000 eurokoa izan da zenbatekoa, aurreko deialdiarekin alderatuta ia 25.000 euro gehituta. Izan ere, tokiko erakundeetako elementu txikiak, ermitak eta eraikinak kontserbatzeko eta zaharberritzeko dirulaguntzen deialdia pixkanaka handitzen joan da hiru ekitaldietan, eta gaur egun 400.000 euro inbertitzen dira. Horri esker, azken hiru ekitaldietan 49 esku hartze egin dira, Aldundiak milioi bat euro baino gehiago inbertituta. Orain 63 izango dira.

Aurten diruz lagundutako hiru ermitak prentsa ohar honen eranskinean daude. Gainera, aste honetan eraikin eta elementu txikietarako dirulaguntzen ebazpena ere ezagutuko da.

Hizpide dugun dirulaguntza Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku hartzeak egiteko deialdiari batuko zaio. Deialdi horretan, Arabako 8 toki erakunderen 12 esku hartze diruz lagunduko dira (iaz baino lau gehiago), 78.863,44 euroko inbertsioa eginda, eta 30.000 euroko dirulaguntza dago 6 esku hartze arkeologikotarako, eta 140.000 euro partikularren 12 esku hartzetarako.

ERANSKINA: ERMITAK

1.- Erretes Tudelako San Roke ermita. Teilatua zaharberritzea. Artziniegako Udala. Aurrekontua: 93.376,17 euro. Proposatutako dirulaguntza: gehienekoa, 60.000 euro.

2.- Garrastatxuko Pietateko Andra Mariaren ermita, Baranbio. Teila aldatzea. Garrastatxuko Administrazio Batzarra. Aurrekontua: 49.231,12 euro. Proposatutako dirulaguntza: 33.477,16 euro.

3.- Etxabarri Dibiñako Done Eztebe ermita. II. fasea: egokitzapena (museo etnografikoa). Zigoitiko Udala. Aurrekontua: 19.649,95 euro. Proposatutako dirulaguntza: 6.522,84 euro.