EAE eta Nafarroa harrera guneak izan direla jakina da. Urte luzez, bai hiriburuak, baita herriak ere, etorkinentzat etxea bihurtu dira. Garai ezberdinetan heldu diren pertsonen profila ezberdina da, eta noski, testuingurua ere. Adibidez, 70-80ko hamarkadan espainiar estatuko jendea heltzen zen, eta azkeneko urteetan, atzerritik heldutakoak dira nagusi. Profilak eta testuinguruak ezberdinak diren heinean, euskarekiko daukaten harremana ere ezberdina da. Iker Lafuenteren ustez, euskaltegiko irakaslea izan dena Donostin eta gaur egun Gasteizen, “ezin da zehaztu euskararekiko harreman mota bat profil bakoitzarentzat”. Bere hitzetan, “testuingurua da baldintzatzaile handiena, eta garrantzi berezia hartzen du generoak eta maila ekonomikoak”.

EAEn gurera etorritakoen artean istorio asko daude, eta Nafarroan, egoera antzekoa da. Maila kuantitatiboan, ez dira existitzen datu zehatzak non azter dezakegun etorritakoek zergatik, ze mailatan, eta zenbat orduz ikasi duten euskara. Horregatik beharrezkoa da haien ahotsetik esperientzia pertsonalak entzutea, eta horiek entzunda, determinatzea ze garrantzitsua den espazioa, ohiturak, eta beharrezkotasuna.

Mamadou Diallo Ndiaye, beharraz eta integrazioaz

“Ondarrura heldu nintzen momentutik, jakin izan nuen euskara beharrezkoa nuela”. Ndiaye duela 8 urte heldu zen Ondarrura. Herrira heldu baino lehen, hilabete batzuk eman zituen Bilbon, baina berak kontatzen duenez, azkar heldu zen kostaldeko txokora. “Bilbon gaztelaniaz defendatzen ikasi nuen, eta hitz batzuk ikasi nituen euskaraz”. Ondarrun, heldu bezain pronto, jendea euskaraz aritzen zela jabetu zen, eta “urduritasun handia” sentitu zuela onartzen du: “Banekien Euskal Herrian euskara existitzen zela, baina momentura arte, ez nuen inoiz lehenengo hizkuntza bezala entzun”.

Ondarrun afrikar biztanleriaren kopurua handia da, eta Ndiayeren hitzetan, bere euskararen menperatze maila ez da salbuespen bat, baizik eta ohikoa den prozesu bat: “Heltzen zarenean, konturatzen zara ikasi behar duzula euskaraz”. Mamadou Diallo Ndiayek dioenez, prozesua ez da hain zaila. Bere kasuan, gaztelania guztiz menperatzen ez zuenez, errazagoa egin zitzaiola uste du: “Ez da hizkuntza erraza, baina azken finean, bai ala bai ikasi behar duzunean, esfortzu handia egiten duzu”. 

Euskaltegira duela hilabete batzuk apuntatu da: “Idazten ikasteko, berez, hizkuntza jada ezagutzen dut”. Kostaldeko ohiko lanak egin ditu Mamadou Diallo Ndiaye, eta berak eta bere inguruak diotenez, bere euskaltegia itsasontzia izan da. “Ondarru bezalako herri batean, beharrezkoa duzu euskara integratzeko”. Ndiayek onartzen du beharrezkoa zelako ikasi zuela, baina gaur egun, eta dakien guztia jakinda, euskara ikasteko aukera izanda, ikasteko erabakia hartuko luke: “Azken finean, niretzat senegaldarra alde batera utzita, nire ama-hizkuntza da”.

Gaztela eta Leon eta garaiko inposizioa

Espainiar estatuko beste Autonomia Erkidego batetik EAEra edota Nafarroara etorritako profil ugari daude. EAEn, nagusi dira Gaztela eta Leonekoak. Gainera, talde honen barruan, profil askotarikoak daude. Adibidez, gaur egun aitite eta amamak direnak, bere gaztaroan etorri zirenak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetara lan bila. Kasu horretan, zaila da aurkitzea euskara ikasi zutenen istorioak, portzentajea oso txikia delako. 

Amalia Martínez gaur egun 81 urte ditu, eta Bilbon bizi den Burgosen jaiotako emakume bat da. Bilbora heldu zen lan bila, 17 urteekin, eta berarekin, bere ahizpa txikia eta bere neba etorri ziren: “Guk ez genuen euskara ikasi lan egiteko ez zelako beharrezkoa, eta garai horretan guk buruan geneukan bakarra hori zen, lan egitea”. Gainera, ezin du ahaztu garai horretako errepresioa: “Nabaria zen, noski. Ni 1959 urtean heldu nintzen Bilbora trenean, eta euskaraz entzuten zenituen esaldi gutxi oso baxu entzuten zenituen, mundu guztiak bazekielako ze nolako arazoak izan ahal zituen euskaraz hitz egiten bazuen”.

Martínezek kontzienteki esaten du bere ustez beste Autonomia Erkidegoetatik etorritakoak euskara gero eta gutxiago erabiltzeko helburuarekin etorri zirela: “Noski etorri ginela lan egitera, baina hori gure erabakia izan zen. Euskadin autoritate politikoen partetik harrera ona jaso genuen garai horretan espainiar estatuan aurrera eraman nahi zen zentralismoa indartzen genuelako”. Alde batetik, Amalia Martínez damutzen da euskara ikasteko ahaleginaz egin ez izanaz, baina horri buruz hitz egiten duen bitartean, haserre puntu batekin, garaiko egoera berriz datorkio burura: “Beti hitz egiten da honi buruz gure erabakia izan balitz bezala, eta ez da horrela, nik ez nuen erabaki euskara ez ikastea, ezin izan nuen, hemengo beste pertsona asko bezala”.

Euskara ikastea, guztion eskura jarriz

Oztopoak oztopo, gero eta baliabide gehiago jarri dira EAEra eta Nafarroara etorritako biztanleriak euskara ikasi ahal izateko. Euskaltegien agerpenak eragin handia izan zuen euskalduntze prozesu orokorrean, baina aurretik zehaztu duen bezala, Lafuentek uste du ez dela nahikoa: “Ez gutxienez gaur egungo egoerarako”. Arrazoien artean, interes falta, ezjakintasuna, eta estatus soziokulturala eta ekonomikoa aipatzen ditu: “Nahiz eta euskaltegi bat izan zure etxeko atarian, ez da nahikoa. Jende askok ez du euskara ikasi nahi, edo ez du beharrezkoa ikusten”.

Profil asko identifikatu ditu irakasle esperientziatik: “Badaude ere euskara ikasi nahi dutenek baina lehenengo pausu hori emateko baliabideak ez dituztenak. Profil horiekin bereziki interesgarria den lan bat dago, eta administrazio publikoa arduratu behar da horretaz”.

Lafuentek uste dut instituzio publikoetatik neurri linguistikoak eta euskararen aldeko programak eta kanpainak diseinatu direnean ez dela benetan ondo zehaztu nori zuzentzen zaion ekintza hori: “Ezin duzu mundu guztiari zuzendutako euskararen aldeko kanpaina bat egin”. Matrikulazio kanpainekin, adibidez, iritzi berdina du: “Iraila heltzen denean, matrikulazio kanpaina guztiak titulu bat lortzera zuzenduta daude, eta ez dut txarto ikusten, baina euskara ikastea titulu bat lortzetik haratago doan zerbait bezala ezaugarritu behar dugu”.

Gero eta gehiago dira euskararen eskaintza modu berezituan egiten duten zerbitzuak. Adibidez, Nafarroan, Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuak badauka etorkinak euskaltegietara bideratzeko programa bat. Horretan, hainbat metodo jartzen dira praktikan Sakanako herrietara heltzen diren etorkinak euskararen aldeko sentsibilitatea garatzeko, eta modu horretan, euskaltegietara apuntatzeko nahia pizteko.

Markina-Xemeingo Udalak ere argitaratuta du etorkinentzako harrera gida bat eta Euskara Zerbitzutik bideratzen dituzte AEK-ren euskaltegira euskara ikasi nahi duten etorkinak. HABE-k, gainera, Aisa programaren bidez lan egiten du EAEn. Bereziki Lea-Artibain eta Hernani inguruan daude horrelako taldeak. Programa honek tutorerik gabe oinarrizko euskara ikasteko aukera ematen die etorkinei. Berez, “etorkinak euskarara hurbiltzeko harrera-ikastaroa” bezala definitzen dute programa, eta online funtzionatzen du eta doakoa da. Hala ere, programako kideek aukeratu ahalko dute ikastaro hau taldean egin nahi duten eta irakasle baten presentziarekin kontatu nahi duten.

Zerotik ikasi

Lafuentek dionez, EAEra edo Nafarroara etorritako pertsona baten prozesua euskara ikasteko, hemen jaiotako baten prozesua baino “luzeagoa, zailagoa eta arrakasta maila askoz baxuagokoa” da. 

“Ezin dugu bitan banatu euskaltegira datorren jende mota. Euskara dakitenak eta euskara ezagutzen ez dutenak baino espektro askoz handiagoa existitzen da”, dio euskaltegiko irakasleak.

Anitzak diren profilen artean, oposizioak gainditu nahi dituztenak, euskara interes propio batengatik ikasten dutenak, eta seme-alabek euskaraz ikasten dutelako animatzen direnak aipatu ditu. Azkeneko horietan, Latinoamerikatik etorritako profila nagusi dela aipatzen du: “Seme-alabekin euskara hutsean hitz egitea baino, seme-alabak laguntzeko eta aldi berean haien euskara maila hobetzeko baliabideak sortzea bilatzen dute”.

Argi dago harrera herria izan den eta izaten jarraitzen duen honetan, jende asko euskara ikasteko pausua ematen duela. Hala ere, badaude ikasten ez dutenak, noski. Horretan, Lafuentek argi dio: “Arazoa ez da ez dutela ikasten, arazoa da ez ikastearen zergatiak ez ditugula kontuan hartzen, eta horrela, ezinezkoa da zenbait profilei euskara ikastearen garrantzia ulertaraztea”.