Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado izan da aste honetanTurismo Mahaiko buru. Mahai horretan, turismoaren sektoreari lotutako gai hauek jorratu dira: Iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamendua, turismo-egonaldien gaineko zerga bat aztertzeko Lan Batzorde bat sortzea, Next Generation funtsak, eta araudiaren egoera. Saileko beste kide hauek izan dira Mahaian, Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Aroa Jilete, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jesús García de Cos, Merkataritzako zuzendari Elena Moreno eta Basquetourreko zuzendari Daniel Solana, baita erakunde hauetako ordezkariak ere: Aldundietakoak, euskal hiriburuetako udaletakoak eta Eudelekoak, merkataritza-ganberetakoak, unibertsitatekoak eta turismo-eskoletakoak, ostatu-enpresetakoak eta ekitaldiak antolatzeko enpresetakoak, bidaia-agentzietakoak eta turismo-gidarienak, turismo aktiboko enpresetakoak, ostalaritzako elkarteetakoak eta kontsumitzaileen elkarteetakoak, eta sindikatuetakoak.

Sailburua Euskadiko turismoaren egoera aztertzen hasi da, urteko lehen 6 hilabeteetako datuak ditugunean (ekaineko kanpinak izan ezik), non Euskadi % 14 inguru hazi den 2022ko datuekin alderatuta. “Hazkundea garrantzitsua da, baina ez dut horretan bakarrik zentratu nahi, hazten ari garen moduan baizik. Oso garrantzitsuak iruditzen zaizkidan 2 datu daude. Lehenik eta behin, udatik kanpo % 14 hori haztea. Eta, bigarrenik, hazkundea nazioarteko turismoan kontzentratzen dela bereziki, hori izan baita gure apustu nagusia, zehazki, distantzia luzeko turismoan, giltzarria baita egonaldia luzatzeko eta fluxuak mugitzeko. Eta baita gastu handiagoarekin ere. Nazioarteko turismoaren hazkundea % 19tik gorakoa da, eta turismo nazionalarena, berriz, % 5ekoa. Maiatzean eta ekainean nazioarteko turista gehiago jaso ditugu nazionalak baino”.

Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, “eredu hori bultzatzen jarraitzeko, proiektu eta tresna berritzaileenetan oinarritu gara, besteak beste Adimen Turistikoaren Sisteman (SIT). Sistema hori kudeatzaile publikoen, hau da, beste administrazio batzuen eta sektore pribatuaren zerbitzura jartzen dugu, erabaki oinarrituak hartu ahal izateko eta gure lurraldearen garapen orekatua eta lehiakortasunaren areagotzea lortzen laguntzeko”.

Mahaian landu den beste gai garrantzitsu bat Europar Batasuneko Erregelamendua izan da, iraupen laburreko alokairuei buruzkoa, eta aurtengo urrian amaituko ditu izapideak Europako Parlamentuan. “Euskaditik adi egon gara izan duen garapenari, Erregelamenduari ekarpena egin eta gure hausnarketak egin ahal izateko; izan ere, testu horrek aurrerapen handia ekarriko du erabilera turistikoko etxebizitzen kontrolean, agintari eskudunei tresna batzuk emango baitizkie orain ez ditugun plataformekin”, sailburuak nabarmendu duenez.