Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle Victoria Ladrónek, Alba Gómezek eta Josué Martínezek egindako 'De buenas a primeras' film laburra Cantabria en Corto lehiaketarako aukeratu dute. Film laburrak sustatzeko programa kantabriar horrek Espainiako eta nazioarteko 200 jaialditan aurkeztuko du. Lana 48 ordutan filmatu eta editatu zen, jatorrian Zinebi Expréserako sortu baitzen, eta aipamen berezia jaso zuten bertan.
“Autoz egindako bidaia batean hizketan ari diren bi lagunen istorioa kontatzen du lanak; horietako batek senargaiarekin harremana utzi nahi du, baina ez daki nola egin, eta lagunak entzun eta aholkuak emango dizkio. Hala ere, publikoak espero ez duen ezusteko bat dago”, laburbildu du Ladrónek. Alba Gómezekin batera zuzendu du filma, eta Josué Martínez arduratu da argazki zuzendaritzaz.
Film laburrak Leku Films, Ladrónek eta Martínezek sortutako ikus-entzunezko ekoiztetxe independentearen zigilua darama. “Proiektua unibertsitateko lan gisa hasi zen, baina emaitza eta gure arteko harremana ikusita, aurrera jarraitzea erabaki genuen”, azaldu du argazki zuzendariak. “Elkarrekiko konfiantzak eta kanpoko lanak proposatu izanak ekoiztetxea errealitate bihurtu zuen”, adierazi du Martínezek.
Horregatik, 'De buenas a primeras' inflexio-puntu bat da, bai maila indibidualean bai ekoiztetxe gisa. “Karrera amaitu gabe Cantabria en Corto lehiaketarako hautatuak izatea harritzekoa eta harrotzekoa da”, aitortu du zuzendariak. “Gainera, film laburraren banaketak erraztasun asko ematen ditu; izan ere, Bartzelonako Mecal Pro 2023 nazioarteko jaialdirako hautatu gaituztela jakinarazi berri digute", azaldu du Martinezek.
Oraingoz, ez zaie lanik falta, haien proiektuak egiteaz gain, enkarguzko lanak eta gustuko dituzten lanen babesletza tartekatzen baitituzte: “Egin ditugun dokumental eta bideoklip batzuk ordaindu egin dizkigute –azaldu du Martínezek–; aldiz, film laburretan egiten ditugun lankidetzak eta zuzendari berriei emandako laguntza musu-truk egiten ditugu, inbertitutakoa jaialdi edo lehiaketaren batean berreskuratzeko itxaropenarekin”, jarraitu du Ladrónek.
Leku Filmsekin lankidetzan arituko diren pertsonak hautatzeko, Josué Martínezek honako baldintza hau bete dezaten behar du: “Lanean oztopo handirik ez jartzea, proiektuei balioa eranstea eta esperientzia positiboa izan dadin laguntzea”, azaldu du. “Ez da nahikoa gauzak kontatzeko eta ikusteko duen modua gustatzea. Eroso egon behar dugu, lan giro ona egon dadin”, gaineratu du Martínezek. Orain, haien proiektuetako batzuk beste jaialdi eta lehiaketa batzuetara aurkezten ari dira, Cantabria en Cortoko banatzailearekin harremanetan daude, eta Lazos Gradu Amaierako Lanaren (GRALaren) postprodukzio prozesuan daude. Azken horrek haien ekoiztetxearen zigilua darama; Sol Arnedo du protagonista eta zuzendari, Victoria Ladrón da zuzendari artistikoa eta Josue Martínez argazkilaritzakoa. Ebaluatu ondoren, lehiaketetara aurkeztuko dute, emaitzarekin oso pozik daudelako.