Nerabe eta gazteen oporraldiaren hasierarekin batera, eta garai honetan tokiko jaiak, jaialdiak eta udako beste ekitaldi batzuk antolatzen direnez, Arabako Foru Aldundiak prebentzio ekintza ugari gauzatuko ditu 12-18 urte bitarteko herritarrekin udako hilabete hauetan, bat etorriz Adikzioen Prebentzio Komunitariorako IV. Foru Planean ezarritako helburuekin.

Horrela, bada, ekainetik urriaren lehen hamabostaldira bitartean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Prebentzio Komunitarioko Foru Zerbitzuek zenbait ekintza gauzatuko dituzte hainbat udalerritako jai eta aisialdi guneetan, edari alkoholdunen eta beste substantzia batzuen kontsumoari buruzko informazioa emateko eta arriskuak murrizteko. Guztira 45 esku hartze egingo dituzte Añanako, Aiarako, Gorbeialdeko, Guardia-Arabako Errioxako, Arabako Mendialdeko eta Arabako Lautadako kuadrilletan.

Jardueren artean, Preben-Jaia programa nabarmentzen da: Langraiz Okako, Santikurutze Kanpezuko eta Artziniegako jaietan eta Navaridasen egingo den mahats bilketaren jaian karpak jarriko dituzte, eta bertan, nahi duenak alkoholemia testa egin ahal izango du, eta, gainera, drogei buruzko informazioa egongo da eskuragarri. 

Info-Drogak programaren bidez, informazio guneak jarriko dituzte Murgiako eta Aguraingo jaietan, besteak beste, drogak aztertzeko eta testatzeko. Programa horrek beste prebentzio ekintza batzuk ere baditu, gazteei informazioa helarazteko substantzien kontsumoak dituen osasun arrisku nagusiei buruz edo sexu transmisiozko gaixotasunen prebentzioari buruz.

Programa honen helburu nagusia jaien aurretik eta jaietan 12 urtetik gorako gazte talde eta kuadrillekin zuzenean jardutea da, jokabide ez-osasungarri eta arriskutsuen arriskuak murrizteko informazioa emanez eta horiei buruz sentsibilizatuz, hala nola tabakoaren, alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoari buruz, babes neurririk gabeko sexu harremanei buruz, eta jokabide oldarkorrei edota bortitzei buruz.

Programa horren bidez, ostalariekin ere esku hartzen da, negozio horien arduradunak gazteek eta nerabeek kontsumitzen dituzten substantzien inguruan informatzeko eta sentsibilizatzeko, eta negozioak prebentzio eragile bihurtzeko eta, hala, arriskuak murrizteko lankidetza lortzeko. 

Ostalaritza negozio edo taberna bat duten udal igerilekuetan, kirolguneetan eta naturguneetan ere egingo dituzte prebentzio jarduerak, Preben-Uda Splash programaren bidez. Gune horiek zuzentzen dituztenek arduraz saltzeko baliabideak ematea da programaren helburua.

Gainera, Prebentzio Komunitarioko Foru Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan arituko dira udan Arabako 17 herritan Kerik gabeko guneak programa zabaltzeko.