Ingurumen eta Hirigintza Sailak 1932-1934 urteetako Arabako Lurralde Historikoko ortoargazki bat egin du, orain dela ia mende bateko lurraldearen geografia erakusten duena. Irudi kartografiko hau artxiboko 3.000 negatibo baino gehiago berreskuratzearekin hasi zen lan zorrotz baten emaitza da.

Argazkiak Julio Ruiz de Aldak egindako hegaldi fotografiko batetik datoz. "Foru Aldundiak 1932. urtean kontratatu zuen hegaldi hori probintzia osoaren eta bertako lurzatien irudiak lortzeko eta, horrela, Arabako lehenengo landa-katastroa egiteko. Jatorrizko negatiboak, 31.00 x 23.5 cm-koak gutxi gorabehera, zelulosa-nitratozkoak ziren. Material horrek berez erretzeko arriskua zeukan eta, horrengatik, 1992. urtean Katastro Zerbitzuak jatorrizkoen kopia bat egin zuen hura arriskurik gabe manipulatzea eta Arabako Foru Aldundiaren artxibo historikoan kontserbatzea ahalbideratzen zuen material batean", azaldu dute gaur Arabako Foru Aldundiatik.

2017-2018 urteetan, balio historiko handiko material hori ez galtzeko eta haren banaketa eta erabilera errazteko, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Zerbitzuak digitalizatzea enkargatu zuen. "Negatibo bakoitza berrikusi eta garbitzeko lana egin ondoren, fotogramak bereizmen handiz eskaneatu ziren, eskaner fotogrametriko bat erabiliz". Halaber, fotograma bakoitzerako gutxi gorabeherako geoerreferentziazio bat lortu zen, irudi bakoitzak lurraldean duen kokalekua ezagutzeko eta egindako hegaldiaren irismen globala bistaratzeko aukera ematen duena.

Ortoargazki historikoa Geoaraba atariaren bidez bistaratu daiteke; bertan, bisoreak eskaintzen dituen tresnez baliatuz, posible da beste garai batzuetako ortoargazkiekin alderaketak egitea, kartografia-mota guztiekin gainezartzea, edo gaur egun aldatuta dauden lekuetara hurbiltzea, beste aukera askoren artean.