Euskararen kontrako "oldarraldi judizialei aurre egitea" izango du helburu Euskalgintzaren Kontseiluak. Hizkuntza eskubideen kontra Irunen, Laudion edota Barakaldon izandako ebazpen judizialen harira, Kontseiluko lehendakari Idurre Eskisabelek “oso larritzat” jo du “auzitegietatik politika egitea”, eta aurreratu du “eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat” prestatzen hasiko direla, eskubide murrizketa horiei “batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko”. 

Era berean, "euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren gaia lantzea" bilatuko du, adostasun sozialak zabalduz, eta Hezkuntza Legeari jarraipena egin eta euskararen ofizialtasuna mantenduko ditu, besteak beste aurtengo xedeen artean.

Euskalgintzaren Kontseiluak ‘2022. urteko irakurketa eta ondorioak’ izenburuko txostena aurkeztu du astearte honetan Bilbon. Bertan, 2022ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak eta bide-orria aurkeztu dituzte Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berriak eta haren aurretik karguan izan zen Paul Bilbaok. Ildo horretan, hizkuntza politikan jauzi bat ematearen beharra azpimarratu dute.

Aurtengo xede nagusien artean kokatu dute euskararen aurkako erasoen aurreran erantzutek protokolo batean lan egitea. Izan ere iazko oldarraldi judizialei erreferentzia egin die Eskisabelek. Barakaldon, Iruñean, Laudion… “eraso horien aurreko desadostasuna eta haserrea erakusteko prozedura bateratu bat nahi dugu". Prentsarrekoan adierazu duenez, Emakumeen mundu martxa izango dute eredu, ahalik eta adostasun zabalena lortuz, bai euskalgintzan zein horren kanpo ari diren eragileen arteko kontsentsua lortuz. 

Adostasunak

Horrez gain, Batuz Aldatu egitasmoaren bidez egindako urratsak nabarmendu dituzte Kontseiluko arduradunek, eta adibidetzat jarri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen eztabaidan egindako lanketa. “Euskalgintzan gai izan gara beste auzi batzuetan desadostasun handiak dituzten eragileak proposamen jakin baten inguruan biltzeko: euskarazko eredua orokortzea”, adierazi dute. Euskarak legean izan beharreko lekuaz ez dago eurek egindakoa baino “adostasun sozial handiagorik”.

Eskisabelek, bere aldetik, azaldu du Kontseiluaren aurtengo jarduerak “dagoeneko martxan dauden proiektu eta dinamika zehatzetan lanean jarraitzea” aurreikusten duela. Horrela, Euskadin, “Hezkuntza Legean edo administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretuan eragin nahi da, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko benetako tresna eta euskaldunentzako benetako espazio erosoa izan daitezen”.

Nafarroaren kasuan, “ofizialtasunaren aldarrikapena erdigunean jartzeko, administrazioan euskararen aitortza bermatzeko” borondatea azpimarratu du.

Ipar Euskal Herrian “egiteke” dauden lanak ere aipatu ditu, besteak beste, “ikasleek ezin dituzte euskaraz egin bigarren ziklo amaierako eta batxilergo amaierako azterketak”, eta gaineratu du “hezkuntza murgiltzeko eredua zabaltzeko eta finkatzeko zailtasunak izugarriak” direla.

Gauzak horrela, Bilbaok, iazko laburpen gisa azaldu du euskararen alde “plazak eta kaleak hartzeko urtea” ere izan zen iazkoa, Bilbaok gogora ekarri duenez: “Herritarrek kaleak bete dituzte bidegabekeriak salatzeko; hamaika egunez Euskal Herria korrika ibili zen hitzetatik ekintzetarako jauzia egin behar dela aldarrikatuz; eta Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin. Pandemia joan da, eta berriro aurkitu dugu herri gogo bizia”.