"Amets bat baino gehiago", zioen duela zenbait urteko Herri Urratsen kantu batek eta atzo hori bizi ahal izan zuten Euskal Herri osoko milaka euskaltzalek. Eguzkia lagun, goizetik giro paregabeaz gozatu zuten sostengua erakutsiz Ipar Euskal Herriko ikastolei. Egun osoan, adin guzietako herritarrek mota guzietako ekitaldiak preziatu zituzten: dan-tza, kantuak eta musika kontzertuak. "Biltzen, bero-tzen, bozten", dio su pazterrean erabili ohi den erran zaharrak eta atzo gauza bera gertatu zen Ortzango errekaren inguruan, Euskal Herri osoan ospetsu bilakatu den Senpereko aintziran.
Aspaldiko partez, babel dorrearen itxura hartu zuen eta berriz ere antolakuntzan 2.500 laguntzaile lanean aritu ziren xinaurriak bezala. Gillermo Etxebarria berriki zendu den Herri Urratsen sortzailea gogoan izan zuten. Izurritearengatik izandako bi urteko etenaldiaren ondotik Herri Urrats indartsu itzuli zen atzo eta goizetik argiki ikusi ahal izan zen jendea gogotsu zebilela aspaldiko ohiturak berreskuratu nahian.
Dena den, jai erraldoiaz gain, ikastolen aldeko hitzordu nagusian zenbait aldarrikapen plazaratu zituzten Seaskaren arduradunek, hauen artean ikasleek azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea. Ikasketa osoak euskaraz egin arren, brebeta eta baxoa bezalako azterketak frantsesez idatzi behar dituztela salatu zuten Seaskakoek.
Hur Gorostiaga zuzendariak azaldu zuenez duela gutxi arte brebeta osoki euskaraz egin zezaketen Emmanuel Macron presidentea eta Jean Michel Blanquer hezkuntza ministroa heldu arte. "Agintean daudenetik gure ikasleek zientziak frantsesez idatzi behar dituzte. Injustizia hori ez dugu ulertzen. Unibertsitatera sartzeko probetan ere atzeraka goaz lehen historia, geografia eta matematika euskaraz gainditzen zutelako. Orain, ez da gehiago posible. Euskara kinka txarrean da jadanik eta beraz ezin dugu horrelakorik onartu", zioen atzo ikastolen zuzendariak. "Dena frantsesez egiten bada, zer erakusten diegu gazteei? Gure mintzairak ez duela baliorik? Garrantzitsua da denak elkarrekin borrokatzea eta bide horretan hautetsiek eta erakundeek lagundu behar gaituzte. Argiki, familiak eta irakasleak desobedentziara deituko ditugu ikasleen lana ez baita baloratua. Salagarria eta lotsagarria da", Hur Gorostiagaren arabera. Teknikoki egingarria da Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ehun bat irakasle zenbatu baititu horretarako. Legearen aldetik ere ez da arazorik hezkun-tza kodeak hizkuntza gutxituak onar-tzen baititu.
Atzoko bestan bildutako diruarekin Seaskak bosgarren kolegioa eraikiko du Senperen, ain-tziratik bi urratsetan. Demografia apaltzea izan arren, 38 ikastoletan gero eta ikasle gehiago dabil eta ikastolak dira garatzen diren ikastegi bakarrak. Aspaldi du Seaskak institutu berria behar duela eta hego Lapurdin kokatzea erabaki dute Zuraideko bidean. Lanak laster hasi behar lituzkete eta asmoa dute ateak zabaltzea 2023ko irailean berrehun bat ikaslerekin. Dominique Idiart Senpereko auzapez euskaltzale eta Herri Urratseko laguntzaileak gogoratu zuen herriko etxeak lurra eskaini diola Seaskari eta bere aldetik Jean Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluaren presidente zentristak jakinarazi du bere erakundeak ere lagun-tza emanen diola proiektu berriari. "Baitezpadakoa da elkarlanean segi-tzea, elkarguneak inoiz baino garrantzi-tsuak direlako eta hizkuntzaren aldeko elkarlanak harremanak sendotu baititu bakea ekartzeraino", azpimarratu zuen Lasserrek.
Eusko Jaurlaritzaren izenean Bingen Zupiria bozeramaileak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuak Senpererako bidaia egin zuten atzo. Zupiriak azpimarratu zuen euskarak egindako bide oparoa azken mende erdian. Datorren urtean Herri Urratsen 40garren edizioa ospatuko dute. Lehenago euskaltzaleek beste hitzordua Gasteizen daukate ekainak 19 Araba Euskaraz ospatuko baita. l