- Euskaraldia-ren hirugarren edizioaren aurkezpenean hainbat pertsonaiek hartu zuten parte. Horien artean Euskaltzaleen Topagunea mugimenduaren lehendakaria, Kike Amonarriz tolosarra, egon zen. Berak Euskaraldiaren hirugarren edizioa “ariketa masibo eta indartsu bat bezala” irudikatzen du. “Hau da ziurrenik Europan hizkuntza praktiken inguruan egiten den ariketa sozial masiborik handiena” erantsi zuen. Gogorarazi zuen ere bigarren edizioa “oso mugatuta” egon zela pandemiaren ondorioz. Hori dela eta, “edizio horren arrakastarik handiena ospatzea bera izan zen, egitea lortu izana”.
Hurrengo urtean martxan jarriko den edizioari dagokionez, Amonarrizek esan zuen “hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera” izan daitekeela, egun horretan haren aurkezpenean erakutsitako “elkarlana eta aukera herri honetan oso gutxitan ikusitakoa” izan zen eta.
“Indar hori guztia behar izango dugu euskararen aldeko jarrerak sustatzeko, hizkuntzaren erabilera unibertsalizatzeko eta erabilera dinamikak indartzeko eta zabaltzeko”, adierazi zuen. Haren arabera, beraz, “garaia da hitzez ekiteko, jauzi kualitatibo bat emateko, euskararen erabilera sustatzeko eta suspertzeko eta erabilerara gonbidatzeko”.
Ipar Euskal Herritik etorritako ahots eta testigantza bat egon zen ere ekitaldi horretan. Antton Curutcharry baigorriarra izan zen, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta Euskal Hirigune Elkargoko (Ipar Euskal Herriko udalerri gehienak hartzen dituen erakunde administratiboa) Hizkuntza Politikako lehendakariordea. Bera murgilduta egon da ariguneen (euskaraz mintzatzeko guneak) sorkuntzan Iparraldean. Ariguneak, azken finean, 2022ko Euskaraldia edizioak antolatu dituen ardatz nabarmenetariko bat da. Ariguneen ideia bigarren Euskaraldia ospatzen zen bitartean sortu zen, eta horien bidez euskara praktikatzeko eta hizkuntza horretan trebezia lortzeko gune babestuak identifikatzera eta eratzera eskatu zaie hainbat erakunderi. Egitasmo horren funtsezko xedea gune horiek ugaritzea da, modu horretan hizkuntza ohituretan eragiteko aukera eduki ahal izateko.
Curutcharryren ustez, Iparralden “euskara hain hizkuntza gutxitua da, euskaraz mintzatzen diren tokiak uharteak bezalakoak direla, frantsesezko ozeano batean”. “Ariguneek leku horiek saretu eta artxipelago bat eratu dute”, jarraitu zuen.
Bestalde, hurrengo urterako “ardura handi bat” daukatela uste du; hain zuzen, “Euskal Hirigune Elkargoa osatzen duten herrietan ariguneak biderkatzea, artxipelago horrek gero eta uharte gehiago edukitzeko eta era horretan ahal den bezain zabala izateko”. Helburu horretarako, “Euskararen Erakunde Publikoaren, Euskal konfederazioa deituriko instituzioaren eta herri taldeen laguntza” jasotzen dute.