Euskaraldiaren bigarren edizioari hasiera emateko ordua heldu da. Ostiral honetan abiatu da 15 egunez hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala, eta duela bi urte egin zen bezala, parte hartzaileek ahobizi edo belarriprest rolak aukeratu dituzte.

Gizarte osoa kolpatzen ari den koronabirusaren eragina Euskaraldian ere nabarituko da, eta bigarren edizio honetan parte hartze datuak nabarmen jaitsi dira. 2018an 225.000 pertsonak izena eman zuten bitartean, aurten momentuz, 147.000 apuntatu dira. Hala ere, epea asteartera arte luzatu dute antolatzaileek, eta hilaren 24ra arte euskaraldia.eus webgunean ariketan inskribatzeko aukera egongo da. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean.

Euskal Herri osoko 421 udalerritan antolatu da aurtengo Euskaraldia. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, "herriz herri sortu diren batzordeen lana azpimarragarria izan da, berauetan ari diren askotariko eragileak eta herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia antolatzeko oinarria".

Guztira, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, antolatzaileen arabera, aipagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena Euskaraldian parte hartzeko. Gainera, parte hartzaileen %27k ez zuen aurreko edizioan parte hartu.

Ariguneak sortu dira

Euskaraldiaren helburu nagusia "herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da", eta aurten, ahobizi edo belarriprest rolen bitartez parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da ariguneen bidez.

Orotara, 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, "euskara erabiltzeko babestutako guneak". Entitate hauen ahalegina ere azpimarratu da, "egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako".