- Martxoaren erditsutik ekainaren 21 arte, covid-19arengatik izandako itxiera osoak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga sakondu duela ondorioztatu du Akitania-Euskadi Nafarroa euroeskualdeak egindako ikerketak. Mugaz gaindiko erakundeak mugaldeko 2.400 biztanleren iri tzi eta esperientziak bildu ditu. Gehienek diote eremu administratibo desberdinetan lan egin eta bizitzea zaila eta garestia dela. Mugaz gaindiko langileen % 70ek mugaren ixteak kalte handiak eragin dizkiela diote. Bestalde, garaian zenbait eskubide galdu dituztela iruditzen zaie ere, eta jasan dituzten zailtasunak direla eta, mugaldeko herritar batzuek mugaz gaindiko harremanak etetea erabaki dute, erosketak, aisialdi eta kirol arloan bereziki.
Marian Elorza, Eusko Jaurlari tzaren kanpo harremanen arduradunak, harriduraz hartu ditu emaitzak: “Serio hartu behar dira eta erne egon beharko dugu ez li tzatekelako berri ona pandemiatik urrunduta ateratzea”. Euroeskualdeko bozeramaileek espero dute normaltasunean aurrera goazen neurrian, zenbakiek behera egingo dutela betiko ohiturak berriz hartzeko joera, beharra eta nahia dugulako.
“Urruntzeak kezka sortzen du. Ez dugu ulertzen mugak zergatik itxi zituzten osasungintzan ez baitago arrazoirik. Aspaldiko ideia da baina osasun irizpideetan ez dauka zentzurik”, dio Mikel Irujo, Nafarroa Garaiko gobernuaren kanpo harremanen arduradunak. “Hedatzen den mezua zera da: segurtasun handia daukazula estatu barnean. Poliziaren presentziak kezka sortzen du ere, jendeak ez daki muga igaro dezaten ala ez, eta azkenean ez gehiago pasatzea erabakitzen du”. Irujoren hitzetan izurriteak eragin bikoitza izan du Nafarroan: gaixotasuna bera, lehenik, eta gero galera ekonomiko handiak mugaldeko merkataritzan adibidez.
Milaka lagunek erosketak egin ohi dituzte Ibardin, Dantxarinea eta Luzaideko bentetan, baina zenbait astez muga hetsia zenez ezin izan zuten joan bi mila nafarrek lan egiten duten denda, tabako eta erregai saltokietara. Hendaian bizi eta banku kontua Iparraldean duten hegoaldeko herritarrek zailtasunak izan zituzten Espainiako gobernuaren kalte ordainak eskuratzeko. Muga igaro zuten abereak ezin bilduz aritu ziren zenbait nekazari eta mugaldeko beste herritar batzuek ezin izan zuten ohiko medikuarengana joan. “Oinarrizko zerbitzuak eskaini beharko lirateke beti osasuna jokoan dagoelako”, deitoratu du Elorzak. “Ikerketaren emaitzek balioa dute dagoen errealitatea islatzen dutelako. Gure politiketan kontuan hartu beharko ditugu, beste erakundeek ere bai, herritar batzuek sufritu dute eta. Indartu behar dugu euroeskualdeak bana tzen duen informazioa arau desberdinak daudelako maiz mugaren bi aldeetan”.
Mathieu Bergé Akitania berria eskualdeko kontseilaria eta Baionako zinegotziaren arabera, euroeskualdea arazo global baten aurrean dago. “Oro har ez dago mugaz gaindiko ikuspegirik eta izurritea piztu zelarik Paris eta Madrilek erabakiak hartu zituzten hemengo egoera kontuan hartu gabe”. Euroeskualdeak gisa horretako lehen ikerketaren emaitzak eta egoera berezia kontuan hartzeko eskatu die Espainia, Frantzia eta Europari.