iruñea - Nafarroako Kontseiluaren otsailaren 24ko 7/2020 irizpenaren arabera, legez ondorioztatzen da eremu ez euskaldunetan euskara merezimendu gisa aintzatesteko araua garatzea.

Dena den, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren zenbait manu indargabetzeak, arau berri bat egiteko beharra dakar. Izan ere, azken honek administrazio publikoetan eta mendeko zuzenbide publikoko erakundeetan euskararen erabilera arautzen du.

Horretarako, Nafarroako Gobernua araudi bat lantzen ari da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko 216, 217 eta 218/2019 epaietan ezarritakoa betez. Honen bidez, merezimenduen balorazioa arautzeko intentzioa dago, Gobernutik azaldu dutenez, “adostasun handienetik eta segurtasun juridiko handienetik abiatuta”.

“Epaietan ez da sartzen eremu ez euskaldunetan euskara baloratzeko debeku kategorikorik; aitzitik, betebehar hori egin beharreko funtzioen eta errealitate sozionlinguistikoaren arabera modu proportzionatuan eta egokian behar da”, irakur daiteke irizpenean. Honen harira, Javier Remirez Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak gogorarazi duenez, irizpenak azken erabakia markatzen ez badu ere, “positibotzat jo da Nafarroako Kontseiluak segurtasun juridiko gorenaren bidean sakontzeko egindako gogoetak baloratzea”. Azkenik, arau berriari dagokionez, onena ahalik eta lasterren gauzatzea litzatekeela adierazi du Remirezek.