bilbo - Erditu ez diren inoren konturako langileek, kooperatibistek eta langile autonomoek 16 asteko guraso baimena eskatuko ahal izango dute azaroaren 1etik aurrera. Laguntza honen bidez, semea edo alaba jaio ostean, bi gurasoek jaiotzagatiko eta zaintzagatiko laguntzako subsidioetan hartutako denboraldiak parekatuko dira, iraupen bereko aldia izateko aukera sustatuz, 16 aste. Hori bai, kontuan hartu behar da ezin izango dutela biek aldi berean baimena izan. “Zaintzaren emakume-rola apurtzea, aitak eta gizonak zain-tzaren eginkizunetan sartzea eta semeak edo alabak bi gurasoekin duen lotura sendotzea da helburua”, azaldu zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Gaurdaino, Gizarte Segurantzaren ardurapean egon da aurreneko 8 asteen finantziazioa. Dekretua indarrean jartzen den unetik aurrera, ordea, Eusko Jaurlaritzak ordainduko du 16. astera arte erditu ez diren bikotekideek jaso beharreko kantitatea. Gauzak horrela, kontuan hartu behar da aipatutako kantitate hori Jaurlaritzaren eskumenen menpe ez dagoen aldetik, seme-alabak zaintzeko eszedentzia ordaindua izanen dela.
Dekretuaren hasierako zirriborroan etxeko langileren bat kontratatuta duten familiek eszedentzia jasotzeko aukerarik ez zutela izango azaltzen zen; dena den, azkenean, eszedentzia jaso ahal izango dute. Aitzitik, umeak haurtzaindegira eramaten dituzten familiak laguntzetatik kanpo geratuko direla berretsi da.
Azkenik, laguntzen arauketak ahultasun-egoera handieneko kolektiboak babestuko ditu, lagun-tzen kopuru ekonomikoa areagotuz hurrengo kasuetan: guraso bakarreko familiak, familia ugariak, mendekotasun-egoera larrian, mendekotasun handiko egoeran edo % 50eko edo gehiagoko desgaitasunaren egoeran dagoen pertsonaren bat duten familia-unitateak eta genero-indarkeriaren biktima den pertsonaren bat duten familia-unitateak. - Unai Gonzalez