bilbo - Azaroaren 7tik abenduaren 5era bitartean ELA, Steilas, CCOO eta LABek Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan deitutako grebaren harira, Hezkuntza Saila patronal eta sindikatuekin eztabaidatzeko prest dagoela iragarri zuen atzo Cristina Uriarte sailburuak. Alabaina, proposamen horri ñabardura bat jarri zion, aldeekin biltzeko deialdia Lan Harreman Kontseiluaren (LHK) eskutik etorri beharko litzatekeela azalduz.
“Bitartekaritza mahai gainean egon den tresna bat da. Orain arte bi aldeak ez dira gai izan gatazkari irtenbide bat aurkitzeko, LHK-k deitzen bagaitu, egoerari irtenbide bat eman behar zaiolako joango gara. Akordio bat bilatzea interesatzen zaigu”, adierazi zuen Uriartek. Jakina den moduan, momentura arte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du laguntzarik eman arazoari irtenbide bat bilatzeko bidean, arazoa Kristau Eskolak eta sindikatuek euren artean konpondu beharreko arazoa delakoan. Sindikatuak, aitzitik, ardura partekatua delakoan daude, patronala zein gobernuaren arduragabekeria eta inmobilismoa salatuz. Hartara, CCOO Euskadiko idazkari nagusiak Kristau Eskolaren, hots sektorearen gehiengoa bere gain hartzen duen patronalaren aldetik, ekainetik berririk ez dela egon gogoratu zuen pasa den astean Onda Vascan. DNAk ere ez du izan Kristau Eskolaren arrastorik lortzerik izan haiekin kontaktuan jartzerako orduan. “Ez dizkiogu hedabideei adierazpenak eskainiko, ez DNAri ez inori”, erantzun zuen euren komunikazio-arduradunak.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen lan-baldintzak 2009an sinatutako hitzarmen baitan daude. “Sektoreko langileok hamar urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. Hamaika bilera eta saiakeraren ostean 2017ko azaroan mahaitik altxatu beste aukerarik ez ziguten utzi. Denbora honetan, besteak beste 27 greba egun egin ditugu, bi ikasturtetan sakabanaturik. Hala ere, sektoreko patronalek ez dute langileen eskaerei erantzuteko eta gatazkari irtenbide bat bilatzeko inolako ahaleginik egin. Badakite zeintzuk diren gure aldarrikapenak, beti agertu gara negoziatzeko prest. Zintzoki aritu gara beti, eta uste dut gure eskaerak erabat neurtuak direla. Gainera, beti erakutsi dugu malgutasun handia gure planteamenduetan”, salatu zuren urriaren 15ean Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak. Aipatutako eskaera neurtuen harira, hasiera batean soldaten %9,8ko igoera eskatzen zuten sindikatuek hasiera batean. Beranduago %6ra jaitsi zuten eskaera, eta une honetan, 3 puntuko igoerarekin akordioa itxiko lukete.
Iragan egunetan azaleratutako datuei so eginez, 100.000 haur inguru geratuko lirateke klasera joan gabe grebak dirauen bitartean. “Zentzugabekeria da, neurriz kanpokoa. Haurrak eta familiak ezin daitezke hilabete batez eskoletara joan gabe utzi”, kritikatu zuen Hezkuntzako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren pasabideetan.
10.000 sinadura Datorren greba ikusita, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako familiek sinadura bilketa bat jarri dute change.org webgunean. Atzo, 18:35ean 10.760 sinadura zeuden, eta badirudi kopuruak gora egiten jarraituko duela. Letra larriz, argi utzi dute euren jomuga mezu bereizgarrien bidez: Haurren hezkuntza eskubidea errespetatzea nahi dugu, Utzi haiekin jolasteari!, Utzi euren hezkuntza eta familiekin jolasteari eta Aski da! bezalako mezuak ikus daitezke eskaeran.
Zentzu honetan, sindikatuek deitutako grebaren aurrean kezka nabaria azaldu dute, hilabete baterako planteatzen den greba honetan irtenbiderik ez aurkitzekotan, mugagabe bihurtuko litzatekeelako. “Egoera larria da, eta ondorio nabarmenak ditu haur, ikasle eta familientzat. Deialdi berri honek beste eskola-ordu asko galtzea dakar sare honetako ikasleentzat, alegia, gure seme-alabentzat”, salatzen dute familiek sinadura eskaeran. Horrekin batera, ez dute inolako gupidarik izan errua leporatzerako orduan: “10 urteren ondoren ez dago lan hitzarmena ezartzeko modurik, patronalen eta sindikatuen arteko elkar ulertze faltagatik. Eusko Jaurlaritza bazterrean geratu da, ‘lan gatazka’ dela iritzita. Baina Jaurlaritza bera da hezkuntzarako eskubidearen bermatzailea, eta egoera pairatu behar izan duten 100.000 ikasleri buruz ari gara hitz egiten. Noski baduela erantzukizuna!”.
Greba konponbidea aurkitzeko bidea askorentzat zalantzazkoa bada ere, ELAko ordezkariak gogoratu zuen ez dutela izan mobilizaziora jotzeko beste biderik: “Patronalak greba deialdiak ez negoziatzeko aitzakia gisa erabili izan ditu”.