gasteiz - Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak plazaratutako datuen arabera, apiriletik ekainera bitartean, indarkeria matxistagatik 1.449 salaketa aurkeztu dira Euskadin, iaz epe berean aurkeztu zirenak baino 18 gehiago. Gainera, 214 babes-agindu tramitatu dira, 2018an baino %6,5 gehiago. Horietatik 140 onartu eta 74 ukatu egin dira.
Bien bitartean, Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak plazaratutako datuei so eginez, biktima-kopurua jaitsi egin da, iazko bigarren hiruhilekoko 1452etatik aurtengo 1402etara pasatuz. Halaber, 10.000 emakumeko genero-indarkeriaren biktimen tasa %12,4an kokatu da. Iaz, %12,8koa zen kopuru hori.
Begirada Espainia osora zabalduz gero, joera bestelakoa da. Indarkeria matxista dela eta apiriletik ekainera aurkeztutako salaketa kopurua 40.495koa izan da, duela bi urte baino %3,76 gutxiago. Salaketa beherakadarekin batera, biktima-kopurua ere jaitsi egin da 2018ko datuekin alderatuz (40.232tik 38.723ra). Estatu mailan 10.000 biztanleko genero-indarkeriaren bataz-besteko biktimen tasa %16,2koa da. Autonomia-erkidegoei erreparatuz, Kanariak (22,6), Balearrak (21,9) eta Valentziako Erkidegoa (21,5) dira ehuneko handienak aurkezten ditzuten lurraldeak, eta Aragoi (9,8), Gaztela eta Leon (10,1), Galizia (11) eta Extremadura (11,7) baxuenak.
Oro har, biktimek gutxiago salatu dute (%71), iaz baino lau puntu gutxiago. Alabaina, familiarrek jarritako salaketak %3ra igo dira, eta gainontzekoez polizia (%13,7), osasun-zerbitzuak (%9,24) eta asistentzia-zerbitzuak zein hirugarren pertsonak (%2,87) arduratu ziren.
Gainera, Behatokiak azpimarratu duenez, zigor-kopuruak ere egin du gora. Izan ere, apirila eta dira bitartean epaien ia %70 izan ziren kondenatzaileak. Azken honek %1,4ko igoera suposatu du 2018ko datuekin alderatuz gero. Angeles Carmona Behatokiko presidente berak politikariei indarkeria matxistaren aurka “alditxar gabe” borrokatzeko eskatu die: “Genero-indarkeriaren biktimek, gure herritarren bizikidetza odolez betetzen duen fenomeno onartezin honen aurrean, guztion elkartasuna merezi dute halako egoera bati aurre egitek erantzunean”.
Euskadin bezala, babes-agindu gehiago eman dira. Zentzu honetan, eskaera kopuruak %5,4ko igoera izan du, eta eskatutakoen %71,1 onartu dira, hots, 2018an baino %2,8 gehiago. Honekin bat, babeserako neurri judizialen atarian %10 gehiago tratatu dira. Horien %66 urruntzeko aginduak izan dira, zeinean komunikatzeko debekua edota leku berdinera itzultzeko debekua sartzen diren.
Epaitutako adingabe-kopuruan ere joerak egora egin du, iazko 74etatik aurtengo 80etara helduz. Horien %98,75rekin neurriak hartu dira jada.
Biktima izan diren emakumeen jatorriari dagokionez, %67,88 espainiarrak eta %31,12 atzerritarrak izan dira. Erasotzailearen aurrean aitortzeko aukera ukatzeari dagokionez, ordea, gehiago dira atzerritarrak (%12,6-9,83). Aitzitik, erasotzaileen jatorriaz eta joerez ez da inolako daturik plazaratu.
“Ez dago inmunitate posiblerik indarkeriaren aurrean. Gogoratu beharra dago Espainiako gizarteak genero indarkeriaren atal guztiekin jasaten duen mina, gainera zoritxarrez azkeneko asteotan berriz ere ugaritu dena”, gogorarazi zuen Carmonak.
salaketa gehiago. Indarkeria matxistagatik 1.449 salaketa aurkeztu dira Euskadin apiriletik ekainera bitartean,iaz baino %1,2 gehiago.
214
babes-agindu. Hauetan ere gorakada egon da. Eskatutako aginduetatik, 140 onartu eta 74 ukatu egin dira.
1402
biktima. Aurrekoetan ez bezala, kasu honetan joera beheranzkoa da. Iaz, denbora-tarte berean 1452 biktima egon ziren orotara.