BILBO - Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra itxi zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariarekin batera. Aurtengo edizioaren xedea “saregintzan” eta “auzolan” hitzek garrantzi berezia hartu dute. “Ideia berdina da. Erronka bat partekatu eta elkarrekin aritu hori gainditu ahal izateko. Hori da gure helburua, ez da nolanahikoa: Euskadiren izena eta izana mundu zabalean sustatzea eta zabaltzea. Helburu hori lortzeko, herri txiki batek, sare lana eta sarean lana egin behar du. Hori da gure abantaila, elkarrekin landu behar duguna: saregintza zabaldu auzolana indartuz.”, aldarrikatu zuen Urkulluk.

Horretarako bidean, Euskal Etxeetako ordezkariei protagonismo aktiboa emateko, aurreko ba-tzarretako lan-dinamika aldatu dela azaldu zuen Marian Elorzak, baterako hausnarketa-taldeak sortzea sustatuz ibilbide ezberdina duten pertsonen artean ondorio komunetara iristeko: “Formatu honek bere helburua bete egin duela esan daiteke”. Gainera, egungo testuinguruan hasieran aipatutako saregintzari lehentasuna emateko Euskal Etxeen rolak eboluzionatu egin behar duela gogorarazi zuen Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak.

“Atzo balio izan zuenak zaharkitua eman dezake orain; gaur erabakitzen duguna biharko epe ertain/motz batean gainditua izango da”, adierazi zuen lehendakariak Euskal Etxeak bizitzen ari diren ingurune aldakorra oinarri hartuta.

Azken egunotako jardunetan, helburu nagusia euskal gizataldeen eta euskal instituzioen arteko topaketa, lana eta lankidetza sustatzea izan da. Zentzu horretan, atzerrian dauden euskaldunen esperientziak kontrastatu eta ekimenak partekatu dira. Horiek guztiak, azken batzar honetako ondorio eta gomendioen dokumentuan jaso dira, ostera 2020-2023 Laurteko Planean bilduko dena. “Gaur, eta askotan egin dugun moduan, zuen lana eskertu behar dizuegu. Gehienetan lan bolondresa eta ixila, zuen bizitzari orduak lapurtzen Euskal Etxeei denbora eskaintzeko. Eskertzekoa da gure herriaren alde egiten duzuen ekarpena”, gaineratu zuen lehendakariak.

Batzarra itxi baino lehen, Gaztemundu programan parte hartu duten gazteei harrera egin zien lehendakariak. Gazte hauek Argentina, Uruguai eta Estatu Batuetatik etorriak diren horretan, Euskal Etxeetako etorkizunaren parte dira. Irailaren 23a eta 25a bitartean ikastaro trinkoak jaso zituzten kultura-kudeaketan, eta urriaren 1etik aurrera Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarrera elkartu dira.

“Abangoardia maite duen ain-tzinako Herria bertatik bertara ezagutu duzue. Iparragirreren etxean izan zarete. Badakizue hemen etxean zaudetela eta gure ateak beti irekita izango dituzuela. Horrela topatu ditugu guk, baita ere, zuen herrialdeetara bisitan joan garenean. Euskal Etxeak beti irekita, euskal sena beti bihotzean”. Hitz hauekin eman zion amaiera bere agerraldiari Urkulluk. Eta irekiera emateko modua ez da komeni ahaztea: “Gaur egun munduan euskaldun izatea, aurrera egiten duen herri baten parte izatea da, hobetzeko espiritu jarraitu batekin etorkizunerako presta-tzen ari dena. Etorkizun oparoagoa eraikitzeko bere zimenduak indartu nahi dituen herrialdea. Hori da ere Euskal Etxeen espiritua”.