BILBO. BCSCren helburua da hainbat ekintza garatzea euskal gizartean zibersegurtasunaren inguruko kultura eta kontzientzia maila handitzeko. Era berean, esparru horretarako gaitasunak eman nahi dizkie euskal industriaren profesionalei, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Zibersegurtasunerako euskal zentroak bultzatuko dituen gaikako hiru prestakuntza ekintzetatik lehena da asteazken honetako tailerra. BCSC iragan irailean jarri zen martxan, eta "herri proiektu" bat da, baina baita "konpromiso bat, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako hartu zuena eta dagoeneko betetzen ari dena".

Zentroak badu dagoeneko posta elektronikoko kontu bat, bertara idatzi dezaten erabiltzaileek aholkularitza eta gomendioak jasotzeko eta jakiteko nola jokatu zibererasoen aurrean; orobat, 900 104 891 telefono zenbakira dei dezakete.

Hurrengo bi jardunaldiak azaroaren 21ean (Arabako Teknologia Parkean) eta 30ean (Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean) izango dira, eta hizpide hartuko dira wifi inguruneen segurtasuna eta segurtasunean eragina duten ebaluazio berriak.

EBOLUZIONATU

Asteazken honetako jardunaldia, "Zure segurtasuna aztertzen: biltzaile izatetik ehiztari izatera Threat Hunting erabiliz" izenekoa, berriro egingo da abenduaren 12an, Donostian. Behin eta berriz esan da segurtasun arloko adituek eboluzionatu beharra dutela "jarrera nagusiki erreaktibo batetik, beste jarrera orekatuago batera, non aintzat hartuko liratekeen detekzio goiztiarra eta prebentzioa".

Halaber, segurtasuna kudeatzeko modua aldatu beharra ere nabarmendu da, "mehatxu ehiztari aktiboak bihur gaitezen, beharrezkoak diren prozesu guztietan inplikatuz eta kontrol eta arauak definituz, horrela zantzuak detektatzeko eta gure antolakundeak jasan ditzakeen mehatxuak ezagutzeko".

BCSCren lanak oinarrizko bi printzipio ditu: batetik, enpresa pribatuek eskaintzen dituzten zerbitzuetan ez sartzea eta katalizatzaile funtzioa betetzea zibersegurtasun zerbitzuak ematen eta eskatzen dituzten enpresen artean; bestetik, bere baitan biltzea gaur egun martxan dauden eta zuzenean edo zeharka zibersegurtasunean eragina izan dezaketen jarduera ildo guztiak (prestakuntza, ekintzailetza, I+G, homologazioak, ETEentzako diru laguntzak eta abar).

Ertzaintzak presentzia izango du Basque Cybersecurity Centren, eraginkorrago izateko ziberdelituen aurkako borrokan, eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko agenteak (IK4-Vicomtech, IK4-Ikerlan, Tecnalia eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa-BCAM) ere presente izango dira, ikerketako produktu bateratuak garatzeko eta, balio teorikoa eta analitikoa gaindituz, aplikazioaren esparrura igarotzeko.