DONOSTIA. Euskal Kostaldeko Geoparkeak jakinarazi duenez, uda bukatuta, urrian egunero eskainiko ditu bisita gidatuak, astelehenetan izan ezik, bere balio natural eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan eta abenduan irteera gidatuak asteburu guztietan eta jaiegunetan eskainiko dira.

Geoparkeak bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du: Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas ibilaldiak, familian egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoagoa duten esperientzia bereziak.

Antolatuko dauden proposamenen artean nabarmentzekoa da urriko igande guztietan izango diren "Flyscha, begirada batean" itsas ibilbide gidatuak. Goizeko 11:30ean izango dira, euskaraz, eta uretatik Geoparkeko labar ikusgarriak ikusi eta geruzaz geruza ezkutuan gordetzen duten historia ezagutzeko balioko dute. Bisita gidatuen egutegi osoa www.geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.

Deba, Mutriku eta Zumaia herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea. Ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, heziketan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen iraunkorrerako estrategia.

2010etik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da eta, ordutik, urtez urte, lehen mailako geoturismo eta natura turismo helmuga berritzaile gisa sendotzea lortu du. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak aintzatespen garrantzitsua eskuratu zuen, Unescoren Munduko Geoparke izendapena, alegia, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.