BILBO. Sareak 1.066.124 bibliografia erregistroko katalogoa du (titulu desberdinak), eta 925.936 erabiltzaile; guztiek eLiburutegira sartzeko aukera dute, Estatu osoan erregistro gehien dituen liburutegi digitalera, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar jakinarazi duenez.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzapean dagoen Liburutegien Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegi publikoak batzeko eta sinergiak sortzeko asmoz, hiritarrari eskaintzen zaizkion zerbitzuak nabarmen hobetuz. Udal titulartasuneko liburutegiei dagokienez, Santurtzi sartzean itxi egingo da orain 13 urte hasitako prozesua. Ezkerraldeko udalerriak tramite teknikoei heldu die udazken honetan barruan izateko.

Gaur egun, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 1.066.124 bibliografia erregistro ditu, eta beste 10.000 erregistro berri gehituko zaizkio Santurtziko liburutegia sartzean. Horrela, Santurtzikoa sareko 204. Liburutegia izango da eta, guztira, 293 sukurtsal izango dira (udalerriek udal liburutegi bat dute, baina sukurtsal bat baino gehiago izan dezakete).

Liburutegi horietako gehienak udal titulartasunekoak dira, eta honela banatzen dira: 28 Araban, 88 Bizkaian eta 77 Gipuzkoan. Horrez gain, udal titulartasunekoak ez diren beste 11 liburutegi daude Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean (Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma).

ABANTAILAK

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean parte hartzeak hainbat abantaila dakarzkie parte hartzen duten udalerriei. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi horiei aukera ematen die hiru diru laguntza ildotara jotzeko (funtsak erosteko, teknologia berrietarako eta irakurketa sustatzeko jarduerak bultzatzeko), sarean dauden liburutegi guztietako langileek parte hartzeko prestakuntza programak sustatzen ditu eta, gainera, laguntza teknikoa eta mantentze lanak Eusko Jaurlaritzaren kargura dira.

Era berean, Euskadiko Liburutegien Sarean baterako katalogazio politikak sustatzen dira eta baterako tresnetara jotzeko erraztasunak ematen zaizkie liburutegiei. Sareko erabiltzaileek txartel bakarra eta doakoa dute eta, horren bidez, liburutegietan dauden funtsetara sar daitezke (titulu bat ez badago liburutegi batean, beste batean eskatzen da), bai eta eLiburutegira ere. Guztira, 13.971 titulu daude maileguan hartzeko eLiburutegian, Estatuko liburutegi digitalik handiena delarik. Euskadi, biztanle kopuruaren proportzioa kontuan hartuta, mailegu digitalak gehien erabiltzen dituen autonomiaerkidegoa da.

Bibliografia funtsak eskuratzeko diru laguntzen aginduari esker, 2016an Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen Katalogo Kolektiboan 244.490 ale berri baino gehiago sartu ziren. Halaber, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean teknologia berriak sustatzeko laguntzen deialdiarekin, 2016an 350.000 euro inbertitu ziren, udalek eta beste erakunde eskumendun batzuek eginiko erosketak finantzatzen laguntzeko.

Azkenik, irakurzaletasuna sustatzeko laguntzen deialdiaren bidez, 2016an lortu zen Euskadiko 153 udalerritan publikoa liburutegietara erakartzeko programak garatzea, batik bat haurrak eta gazteak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 258.000 euro inbertitu zituen deialdi horretan. Eusko Jaurlaritzak deialdi hauek sustatu ditu berriz ere aurten.