GASTEIZ. Kupoiaren aurkezpena astearte honetan izan da eta bertan egon dira Itziar Gonzalo Gasteizko alkateorde eta Tuvisako lehendakaria, Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko lurralde ordezkaria eta Rafael Ledesma Araba Agentziaren zuzendaria.

Tuvisa 1967an sortu zen, eta Gasteizko autobusen hiri garraioa kudeatzen duen udal enpresa da. Eguneko hamar linea eta gaueko bost linea ditu. Gasteizko Udalaren mandatuz, bidaiarien garraio kolektiborako zerbitzuak kudeatzea du helburu enpresak, eta, era berean, bere autobusetan jartzen den publizitatea ustiatzea.

"Tuvisaren inguruan hitz egiten dugunean iraunkortasun kontzeptua erabiltzea gustatzen zaigu, normalean, CO2ren isurtzearekin edo kontsumoekin lotuta. Baina ezin dugu iraunkortasun soziala ahaztu, Tuvisaren helburuen artean Gasteizko pertsona guztien mugikortasuna bermatzea garrantzitsuenetakoa baita. Gure autobus guztiak irisgarriak dira mugitzeko, entzuteko edo ikusteko zailtasunak dituzten pertsonen bidaiak errazteko. Erosi berri ditugun hamarretan, gehiago", esan du Itziar Gonzalok.

Autobusek arrapalak dituzte, gurpil aulkiak edo haur kotxeak erabiltzen dituztenek erraz igotzerik izan dezaten. Gainera, audio bidezko informazio sistemak baliatzen dira, autobusen barruan eta kanpoko aldean, hurrengo geltokiaren berri emateko, baita geltokietako informazio tauletan ere, linearen, jomugaren eta itxaron beharreko denboraren berri emateko.

ONCEren eguneroko kupoiak -1,5 euroko txartelak- 35.000 euroko 55 sari banatzen ditu. Gainera, bezeroak aukera du, 0,5 euro gehiago ordainduz, seriera ere jokatzeko eta "La Paga" delako saria irabazteko: hilean 3.000 euro, 25 urtez, 35.000 euroko sariari gehituz.

20.000 saltzailek merkaturatzen dituzte ONCEren kupoiak, eta saltokiko terminalari esker, bezeroak gogokoen duen zenbakia aukera dezake. Gainera, ONCEren webgune ofizialaren bitartez ere eros daitezke kupoiak -www.juegosonce.es-, baita baimendutako establezimendu laguntzaileetan ere.