Euskararen hiri nagusia izango da bihar Senpere Herri Urratseko hogeita hamalaugarren edizioari esker. Lapurdiko aintzira ezagunak besta jendetsua eta aldarrikapena uztartuko ditu egun osoan (H)aizu lelopean, hau da libre eta denbora berean entzun! Aurtengo abestia Amets Arzallus bertsolariak asmatu eta Ken Zazpi taldeak musikatu du. Santa Grazin sortu, Eskiulan bizi eta berriki Zuberoan zendu den amona euskaldun elebakarraren istorioa jakinarazi nahi izan du hendaiarrak, euskaldun osoek jasandako irain eta gaitzespena salatuz. Bere hitzak musikatu dituen talde ezaguna Senperen ariko da bihar eta bere ondoan egongo dira ere Huntza, Otxalde, Zea Mays, Xabaltx edota Anje Duhalde. Haurren hiru txoko, zikiroa zein taloak, bertso, kantu edo dantza saioak ere aurkitu ahal izango dira aintziraren inguruko gune desberdinetan.
Herri Urrats musika jaialdi erraldoia baino askoz gehiago dela azpi-marratzen dute Ipar Euskal Herriko ikastolen arduradunek. Aurtengo irabaziekin Baiona iparrean eraiki-tzen ari diren ikastetxe berriaren parte bat ordainduko dute, bertan hamar milioi euroren inbertsioa egiten ari direlako euskaltzaleak, orain arte inoiz egindako proiekturik handiena.
Bernat Etxepare ikastetxearen eraikin berrian bigarren hezkuntza, euskarazko lanbide heziketaren lehen gunea eta barnetegia aterpetuko dituzte. Lanbide heziketaren eskumena duenez Akitaniako gobernuak laguntza emango dio proiektuari eta jadanik zazpi milioi euro pasa jarri ditu mahai gainean Alain Rousset presidente sozialistaren exekutiboak. Gero eta ume gehiago eta etengabeko garapena ezagutzen duenez, Seaskak proiektu gehiago izango du datozen urteetan: duela lau urte Kanbon handitu zuten Xalbador ikastegia berriro handitu beharko dute eta gauza bera egin beharko dute Lartzabaleko kolegioa, Nafarroa Behera eta Zuberoko ikasle gehiago hartu ahal izateko.
Ikastolak aurrera Ipar Euskal Herriko lehen ikastola 1969an sortu zen Arrangoitzen 5 ikaslerekin eta gaur egun 3.700 ikasle pasa biltzen dituzten 35 ikastetxetan Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan. Bernat Etxepare lizeo berriak ateak zabalduko ditu irailean 300 ikasle, 30 irakasle eta 20 langilerekin eta datorren urtean berean euskaltzaleek ondoan daukaten lur batean ikastegia handitzeko xedea izango dute.
Izan ere, ikastolen garapena etengabea urtero 200 ume gehiago har-tzen baituzte. Gainera, azken hamar urteetan hamabi ikastola berri ireki ondoren, laster laugarren institutua eta ikastegi gehiago sortuko dituzte Bokale, Arbona-Ahetze aldean eta Ainhoan. Euskaltzaleek argi dute proiektuak ez direla falta, ikastolek garatzen eta handitzen segituko dutela; eta dena posible izango dela milaka adiskideen laguntzari esker.
Gaur egun, 300.000 lagun bizi dira Iparraldean eta horietatik %20 inguruk menperatzen dute euskara. Ikasgela publiko eta pribatu askok ere euskara irakasten dutenez lehen hezkuntzan umeen %44 murgiltze edo sare elebidunetan dabiltza. Datozen egunetan azken ikerketa sozio linguistikoaren emaitzak aurkeztuko ditu 2006an sortu zen Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta orduan jakingo da hiztunak galtzen segitzen denez eta gazteen artean gero eta hiztun gehiago dagoenez aurreko ikerketek erakutsi zuten bezala. Paxkal Indo Seaskaren presidentearen arabera euskalgin-tza aro berri batean sartu da joan den urtarrilean elkargoa sortu bai-tzen Ipar Euskal Herrian eta bere presidentea Jean René Etchegaray Senperen egongo baita gaur Eusko Jaurlaritzako hezkuntza eta kultura sailburuen ondoan.
Euskararen aldeko lege babesa, murgiltze eredu bakarraren aitortza eta lege zaharkituen eguneratzea beharrezkoak direla jakinaraziko dizkio bihar Seaskak Frantziako agintari berriari. Duela egun batzuk Emmanuel Macronek adierazi zuen 300.000 ikaslek ikasten dutela lurralde hizkuntza batean eta honenbestez hizkuntz legea asmatu beharko dela “Frantziaren testuinguruari” egokituz. 2012an hizkuntz gutxituen euro agiria berretsiko zutela hitz eman zuen François Hollande hautagaiak baina gero ez du agindua bete bost urteko agintaldian.