BILBO. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 2015eko abenduan, Ertzaintzak 256 salaketa ikertu zituen etxebizitzetan izandako lapurreten ondorioz: 15 Araban, 161 Bizkaian eta 80 Gipuzkoan.

Ekintza horien ondorioz 23 delitugile eraman zituen Ertzaintzak epailearen aurrera. Gehienbat Europako ekialdetik etorritako lapur espezialistak ziren, banda ibiltarietako kideak, hainbat autonomia erkidegotan azpiegitura dutenak.

Talde horien jarduteko erari dagokionez, aurrez etxebizitzaren sarrerako atean "eranskin" txiki bat jartzen dute. Atea irekitzerakoan erortzeko moduan jartzen dute, eta hala jakin dezakete etxebizitzan pertsonak dabiltzan edo ez. Eranskinak bere horretan jarraitzen badu egun batzuen ondoren, sarraila maneiatzen dute, behartu beharrik gabe, eta atea zabaltzen dute.

Etxea zehatz mehatz arakatzen dute, eta, lapurretaren ondoren, hankaz gora geratzen da guztia. Dirua eta bitxiak lapurtzen dituzte batez ere, baita aparatu elektroniko txikiak, argazki makinak eta abar ere.

ADI EGOTEKO DEIA

Hurrengo asteetan zubia eta Eguberriak datozela kontuan izanik, Ertzaintzak adi egoteko eta mota horretako lapurretak saihesten lagun ditzaketen jardun ildoak jarraitzeko eskatu die herritarrei. Horrela, beti etxeko sarrerako sarrailak giltzez itxi ditugula ziurtatu behar da (buelta bikoitza), eta behar besteko segurtasun bermeak eskaintzen dituzten sarraila modernoak izatea komeni da.

Atearen markoa aldian behin berraztertu behar da, "eranskinak" jarri diren hautemateko, eta, halakorik ikusten bada, berehala Ertzaintzari ohartarazi. Buzoietako posta eta publizitatea erregulartasunez kentzea eta etxebizitzan norbait dagoela itxura ematen duten gailuak erabiltzea komeni da. Konfiantzazko pertsonekin antolatzea ere gomendagarria da, etxebizitza nolabaiteko maiztasunez bisita dezaten eta egoera onean dagoela ziurta dezaten.

Halaber, Ertzaintzari jakinarazi behar zaio atari barruan edo inguruan pertsona susmagarriak ikusten direnean, eta, lapurreta bat izanez gero, ez da ezer ukitu ezta etxebizitza txukundu behar, Ertzaintzari berehala deituz. www.ertzaintza.net webguneak oporraldietarako aholku orokorrak jasotzen ditu, eta horien artean daude hutsik uzten diren etxebizitzetan lapurretak saihesteko neurriak.