BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Analitikoko Saileko ikertzailea den, María Encarnación Blanco Arana, adin desberdinetako haurrei farmakoak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditueta, hala, haurrek farmakoekiko duten erantzunari buruzko informazioa zabaltzea lortu du, EHUk jakinarazi duenez.

Bestalde, haurren metabolismoan dauden aldeei eta fentanilo, morfinaren ordez ematen da, farmakoaren neonatologiako dosifikazioari buruzko informazioa zabaltzen dute azterketaren emaitzek, eta horrek aurrerapen handia eragiten du farmakoak era seguru eta eraginkorrago batean emateko.

Egun, farmakologia klinikoak duen arazo handienetako bat da informazio gutxi duela haurrei farmakoak emateko dosifikazioari, eraginkortasunari eta segurtasunari buruz. Haurrekin saiakuntza kliniko gutxi egiten denez, bereziki arrazoi etiko eta ekonomikoak medio, farmako indikazio ofizial gutxi aurkitzen da haurrentzat. Blancok dionez, kasu horietan, helduen administrazioaren arabera ematen zaie farmakoa haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. EHUko ikertzaileak egitate hori arriskutsua izan daitekeela uste su: "arriskutsua izan daiteke, haurrak miniaturazko helduak direlako hipotesian oinarritzen baita. Eta hori ez da egia; izan ere, bizitzaren lehen etapetan, haurrek heltzeko eta organoak garatzeko prozesu jarraitu bat izaten dute, eta baliteke jaioberri batek farmako baten aurrean duen erantzuna ez izatea haur handiago batek edo heldu batek izan dezakeen berbera".

Ikertzaileak ikerketa farmakozinetiko eta metabolomikoak erabili ditu haur populazioak farmakoen haurrean duen erantzunaren inguruan dagoen informazioa zabaltzeko. Alegia, gorputzak absortzio-, banaketa-, metabolismo- eta ezabatze-prozesuen bidez farmakoari eragiten dizkion aldaketak aztertu ditu.

FARMAKOEN ERAGINA HAURRETAN

Bestalde, ikerketaren zati bat txerrikume jaioberriekin egin da, hainbat ikerketak frogatu baitute animalia horren metabolismoa giza jaioberrienaren oso antzekoa delako.

Batetik, ikerketa farmakozinetikoa egin da: fentaniloa eman zaien txerrikumeen odol-laginak aztertu dira, denbora-tarte desberdinetan, farmakoa eman zaionetik erabat ezabatzen duten arte _fentaniloa morfinaren ordezko farmakoa da, morfina baino ahaltsuagoa eta, beraz, dosi txikiagoan eman beharrekoa_. Horretarako, ikertzaileak adierazi duenez, "lagin-kantitate txikiak behar dituen metodo analitiko bat garatu dugu, farmakoaren kontzentrazio txikiak detektatzeko gai dena masa-espektrometriako detektagailu bati akoplatutako likido-kromatografia bidezkoa (HPLC-MS)".

Ikerketa honi esker, "esperimentalki egiaztatu dugu pisuan oinarrituz erabiltzen diren farmako horren dosiak bat datozela haurren metabolismoan benetan gertatzen denarekin", erantsi du Blancok. "Ikerketa honetan lortutako emaitzek zabaldu egiten dute farmako horren neonatologiako dosifikazioari buruz dagoen informazioa, eta aurrerapauso bat da administrazio seguru eta eraginkorrago baterantz", gaineratu du ikertzaileak.

Bestalde, metabolomika erabili du adin desberdinetako neska-mutilen artean dauden aldeak eta etapa bakoitzean dauden desberdintasunak aztertzeko. "Egiaztatu ahal izan dugu plasma-analisi baten eta lortutako profilaren aldagai anitzeko analisi baten bidez bereizi egin daitezkeela 5 egunetik beherako txerrikumeak eta 8 astetik beherakoak". Era berean, aldeak hauteman dituzte urtebetetik beherako neska-mutilen gernuan, haien adinaren arabera. Beraz, hurrengo pausoa litzateke detektatzea zer markatzailek adierazten dituzten adinarekin eta heltze-mailarekin lotutako aldeak, farmakoen dosifikazioa hobetzeko erabili ahal izateko.

Ikertzaileak azaldu duenez, "konposatu horiek modu bideratu batean analizatzeko beste azterketa batzuetarako ateak irekitzen dituzte emaitza horiek guztiek, betiere pediatriako farmako-dosifikazioak hobetzeko helburuari jarraikiz".