What are they doing? Uda osoan bezala, ehunka edo milaka turista pasa ziren atzo goizean portutik. Eta begiak zabal-zabalik geratu ziren asko, kaia eta uretara jaisteko arrapala ontzigintza fabrika bihurtuta ikustean. Paleak, globoak, neumatikoak, banbuak, poltsak, flotadoreak... eta ehunka pertsona txalupak eraikitzen han eta hemen.
Abordatzea 17.00etan hasi bazen ere, goizeko 8.00etarako hasi ziren lehen korsarioak lanean Donostiako Piratek antolatutako txanden arabera. Goiz esnatu behar izan zutenak ere umoretsu zeuden eta konfidantzaz beterik, Kontxara iritsiko zirela baietz eta baietz.
Goiz osoan zehar jarraitu zuten lanean piratazaleek, musika lagun. Baltsa sinpleak egin zituzten batzuk, benetako ingenieritza lana beste batzuk. Dora exploradoraren globo bat, hawaiar erako jantziak, errepidean erabiltzen diren piboteak, supermerkatuko karritoak... Korsarioek begi bat tapatuta edukiko dute, baina irudimena ez zaie falta.
Beibar kuadrillako neskek zaborra jasotzeko palak erabili zituzten arraun moduan. Bergararrak eta eibartarrak ziren eta Donostiara heldu baziren ere, zaila ikusten zuten Kontxaraino iristea. Baltsa modu sinplean egin zuten: paleak, ez ondoratzeko bidoiak eta listo.
“Gauza handirik ezin genuen egin horrekin”, aitortu zuen Amara Berriko Petximotxoak taldeko beste gazte batek. Haientzat ere estraineko abordatzea izan zen atzokoa eta Kontxarako bidean “ez itotzearekin” nahikoa zutela onartu zuten.
Miranda’s kuadrillakoek eskarmentua bazuten urte batzuren ondoren eta orain arte urtero hondartzara iristea lortu zutela eta atzo ere bidean geratzeko asmorik ez zuten. Aurten Alemanian dagoen lagun batek huts egin duela eta haren izenarekin bataiatu zuten tripulazioa eta Miranda izenarekin bandera berdea ere jarri zioten baltsari. Eta konpentsatzeko edo, Gasteizko pirata berri bat ere fitxatu zuten. Badaezpada, uretara salto egin baino lehen selfie bat atera (makila eta guzti) eta lagunari bidali zioten, piratek mugarik ez omen daukate eta.Innobatu nahian paleak eta poltsak utzi eta banbu hutsarekin sortu zuen baltsa Donostiako beste talde batek, hondoratzeko beldurrik gabe.
“Gu ez gara inoiz hondoratu eta urtero iritsi gara Kontxara”, aitortu zuten Donostiako Alde Zaharra-Orereta taldekoek: hamahiru urteren ondoren profesionalen modura ari ziren atzo baltsa muntatzen, aurreko urtean erabilitako palé eta poltsa berdinekin. “Puskatu zitzaizkigun bi poltsa bakarrik aldatu ditugu, torlojuak ere aurreko urteetakoak dira”, aipatu zuten. Birziklatzeaz gain, torlojuak babesteko kortxoekin ari ziren atzo probak egiten.
Guztien artean bakoitzaren baltsa topatu eta goizeko lanaren emaitza frogatzeko ordua heldu zen. Abordatzera!