Haurrek, irakurketaren inguruan egindako hausnarketatik abiatuta, beraien iritzia askatasun osoz emateko aukera dute. Tertulia literario dialogikoetako saioetan zer egiten duten galdetzean, ”denek irakurritako liburuen inguruan iritziak partekatzen ditugu gelan” erantzuten du ikasle batek. Horixe da, hain zuzen, modu sinple batean esanda, jarduera honen oinarria.
Jarduera honetan, aurrez erabakitako testua irakurtzen dute ikasleek eta testu horrek iradokitzen diena elkarbanatzeko astean behin elkar-tzen dira. Komunikazio horrek, jorratutako gaiaren ulermena ahalbide-tzen du, norberak bere iritzia azaltzeko egindako ahaleginetatik eta besteen ekarpena aditzeko interesetik abiatuta.
Jarraitzen den prozedura nahiko sinplea da. Testuari buruzko iritzi orokorra ematen hasten da saioa eta, ondoren, partaideek txandak eska-tzen doaz, beraiek aukeratutako zatiak irakurtzeko eta komentatzeko. Elkarrizketa sortzen da, baina ez dago derrigortasunik adostasunetara heltzeko, era horretan askatasun osoz nahi dena aipatu daitekeelarik.
Tertulia egiteko gelako ikasleak bi taldeetan banatzen dira eta hauetako bakoitza irakasle batekin aritzen da. Talde txikia izateak, esku hartzea errazten du. Gainera, talde handian gutxitan hitz egiten duten ikasleek ere, arazorik gabe bere iritzia ematen dute.
Bestalde, ekintza guztiz inklusiboa da. Edozein ikaslek bere ekarpena egin dezake eta inoiz ez da epaitzen esandakoa, bakoitzaren ahalegina kontuan hartuz. Kideen iritziak errespetu osoz entzuten ere ikasten da.
Liburu klasikoen esparrua ikasle guztiengana hedatzea ere, helburu nagusienetako bat da. Horrela gure eskolan urte hauetan ikasleen adinera egokitutako liburu asko irakurri ditugu: Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, Oliver Twist, Robison Krusoe... Hauei esker, idazle handiak ezagutu ditugu eta beraien garaiko bizimoduan murgildu gara, haien larruan jarriz.
Dagoeneko, badira lau urte jarduera hau martxan jarri genuela. Hasiera hartan, 3. zikloko ikasleak izan ziren esperientzia berria frogatu zuten lehenengoak. Izandako arrakasta ikusita, hurrengo ikasturteetan beste maila batzuetara zabaldu genuen eta aurten, Lehen Hezkuntza osoan martxan jarri dugu ekintza.
Eta irakasleak ikasleak baino gutxiago ez izateko, ikasturte honetan tertulia pedagogiko-dialogikoak egiten hasi gara. Helburua, guztion ideia eta ametsak partekatuz, gure eskola berritzeko oinarri pedagogiko komun bat lortzen saiatzea da.