DONOSTIA. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren zirkulazioan jarriko ditu asteburuan, Azpeitiko instalazioetatik Lasaora.

Zehazki, larunbatean, maiatzaren 28an, 12.30ean eta 18.00etan irtengo dira trenak, eta igandean, maiatzaren 29an, 12.30ean.

Museoko arduradunek nabarmendu dutenez, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik hoberenetariko bat dauka, mota askotako ibilgailuekin: lurrunezko, diesel eta elektriko tren makinak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Era berean, Euskadiko makina tresna multzorik osatuena eskaintzen du, Urolako Trenbidearen antzinako tailer mekanikoaren bidez. Horrez gain, XIX. mende bukaeratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat eta munduko trenbide erlojuen bildumarik hoberenetarikoa ditu.

Halaber, aurtengo jardueren eskaintzan "Egun batez sugina" ekimena dago, hau da, Azpeitia eta Lasao artean dagoen lurrunezko zerbitzuaren tren makina baten kabinan bidaiatzeko aukera.

Ekimen berezi honen prezioa 50 euro da, igandeetan egingo da eta egun bakoitzean bakarrik parte hartzaile bat onartuko da.