Goizeko 7ak dira, denok autobus geltokian gaude, oso urduri...Maletak autobusean sartu, gurasoak agurtu... eta, hara! Ikaskide bat falta zaigu. Lo geratu omen da; gure loti ederra! Iritsi bezain pronto, bidaiari ekin diogu. 2 orduko bidaia, batzuk lo beste batzuk, berriz, abesten eta rap musika entzuten.
Legasako Kattalin aterpetxera iritsi gara eta Irunek, Aste Berdeko koordinatzaileak, ongietorria eman digu. Ekintzen berri eman eta segidan raftinga egiteko arropak janztera eraman gaituzte. A ze lanak ditxosozko neoprenoa janzten! Txorizo Pamplona bezala txalupetara igo gara estu-estu. Azalpenak eman dizkigute eta zazpiko txalupetan sartu gara. Ura atzamarrarekin ukitzerakoan, gorputz osoan hotzikara sentitu dugu. Hasieran dardarka, ur biziak ikusterakoan, batzuk oihukatzen hasi dira, minutu batzuk geroago neurria hartu diogu, eta arraun eta arraun esanez zazpiak batera aurrera egitea lortu dugu. Azkenean, oso dibertigarria iruditu zaigu, batzuk uretara erori badira ere, hasieran pentsatzen genuena baino errazagoa izan dela konturatu gara. Neoprenoa kendu, eta aterpera korrika joan gara dutxatzera, ze gustura geratu garen dutxa beroa eta gero!
Bazkaldu eta ordu bateko denbora librea izan dugu. Arratsaldean tirolinetara eraman gaituzte. Autobusetik jaitsi garenean, plataformatik beherantz begiratu eta kaka dariola gelditu gara guztiok. Bota edo ez, erabakia hartu behar izan dugu. Gutxi batzuk autobusean gelditu dira, baina gehiengoa jaurtitzen ausartu gara. Txoria hegan seinalea eman eta han abiatu gara hegan! Sentsazioa zirraragarria izan da, benetan, izugarria izan da. Arratsalde guztia eman dugu bertan, eta leher eginda bukatu dugu guztiok.
Aterpean arropaz aldatu gara eta herritik bueltatxo bat ematera joan gara. Batzuk beste herri batera joan dira litxarkeriak erostera eta beste ba-tzuk, deskantsatzen geratu dira. Afaltzeko ordua ailegatu da eta janari oso goxoa prestatu digute aterpean; lehenengo platera zopa bero eta goxoa. Bigarren platerarekin benetan bete gara, tortilla patata eta txistorra, ze goxoa guztia.
Afaldu eta gero, pijamak jantzi, hor-tzak garbitu eta berriro logeletara joan gara.
Bigarren eguna. Adar jatea eta alturetan bidea! Goizeko 8ak dira, irakasleak esnatzera etorri dira, ez dugu nahi, ez! Denok oso nekatuta gaude, gehienok lo gutxi egin dugu eta beste gutxi batzuk ezer ez, a ze pereza! Jantzitakoan, jantokira azkar jaitsi gara, ez dugu azkenak izan nahi, azkeneko biak mahia garbitzen geratu behar izaten dute eta.
Autobusa hartu eta neoprenoak janztera joan gara. Gaur ere neoprenoak! Gaur piragua egin dugu, Landerrek, begiraleak, azalpena bukatu duenean, neoprenoak jantzita autobusean igo eta errekara joan gara. Heldutakoan, txalupa hartu eta errekaren ertzean jarri gara guztiok, gehienok bikoteka joan gara, monitore asko zeuden gurekin. Banan-banan irteten joan gara, batzuk ipurdika jaitsi dira, beste batzuk blai! Beste batzuk piragua ezin genuenez ongi gidatu zu-haitzen adar guztiak irentsi ditugu! Eskerrak begiraleei.
Piraguetan leher eginda bukatu dugu, eta gainera, neoprenoak aldatzen ditugun aterpera errepidetik oinez bueltatu gara. Iritsitakoan, gustura bazkaldu eta atsedenaldi txiki baten ondoren, arratsaldeko ekintzara abiatu gara, ferrata bidea egitera hain zuzen ere.
Hasieran inork ez zekien zer zen baina azaldu digutenean asko gustatu zaigu ideia. Autobusa zubi ondoan hartu dugu eta Baztan Abentura Parkerantz abiatu gara rock doinuak lagun. Parkera iritsi eta arnesak ondo daudela ikusi ondoren, ferrata bidera abiatu gara. Iritsi eta lehenengo Jon animatu da igotzen. Haren atzetik gainerako guztiak. Baten batek segurtasun mosketoiekin korapiloa egin du eta nahaspilatu egin gara, baina arazo konpondu eta berriro martxan jarri gara. Igotzen ari garen heinean, parajeak paregabeak direla konturatu gara. Aurreko egunean egindako tirolinak ikusi ditugu azpian. Bidean aurrera jarraituz horma bertikal batekin topo egin dugu, baina erraztasunez gainditu dugu. Ondoren soka baten gainetik pasa eta bigarren bertikalera iritsi gara. Momentu horretan tirolinatik jendea jaurtitzen hasi da eta kristoren sustoa eman digute. Bertikaletik aurrera bidea oso erraza izan da eta gora iritsi gara. Primerako arratsaldea pasa dugu!
Autobusez berriro Legasara bueltatu gara eta denbora librea izan dugu. Batzuk pilotan aritu dira, beste ba-tzuk Narbartera joan dira? Gero denok elkartu gara afaltzeko. Afalostean, irakasleak barne, bote-botera jolastu dugu eta hamaiketan begiraleek prestatutako diskotekara igo gara, nekatuta geundelako edo lotsagatik ez dugu dantzarik egin eta futbolinean aritu gara. Diskoteka amaitutakoan, gehienek gora igo dira, beste batzuk futbolinean jolasten jarraitu dute eta besteak irakaslearekin kartetan aritu gara, baserriaren jolasera. A ze barreak! Batzuk eztarria urratuta bukatu dugu! Ohera joateko ordua iritsi da, eta bakoitza bere logelan sartu da. Irakasleak lokartu arte pasabidean egon dira pasa den gauekoa ez gertatzeko. 12.30etarako denok lo seko geratu gara.
Azkeneko eguna. Zuhaitzetan tximinoen antzera blai! Esnatu, maletak prestatu eta gelak txukundu ditugu. Gaur ongi egin dugu lo guztiok. Gosaldu eta zu- haitzetako ekintza egitera joan gara, oinez eta euripean. Arnesa eta kaskoa jantzi eta azalpenak entzun ondoren, banaka zuhaitzetan gorantz joan gara. Hasierakoak errazak eta altura askorik gabekoak izan dira. Baina, ondoren, gero eta zailagoak izan dira pasatu beharreko mailak. A ze beldurra! Lehenengo praktikatzeko ibilbide txiki bat egin dugu. Ondoren, lehenengo mailarekin hasi gara; nahiko erraza. Jarraian, bigarrena, nahiko luzea izan da, eta nahiko altua, dena bustita zegoenez zailagoa izan da; irrist egin eta asko gelditu gara zuhaitzetan zintzilik. Azkenekoa oso zaila izan da, asko mugitzen zen. Denok ezin izan dugu bukatu eta egin dugunok gauen pilatutako energia guztia bertan utzi dugu. Zuhaitzetako ibilbide guztia egin ondoren, tirolina txiki batean jaurtitzen aritu gara. Ekintza guztia euripean egin dugu eta goitik behera blai bukatu dugu. Handik aterpera joan gara berotasun bila eta gozo-gozo bazkaldu dugu.
Aterpekoei eskerrak eman eta agurtu egin ditugu. Azkenik, futbolineko gelan pixka bat egon eta autobusera joan gara. Batzuk lotan eta beste ba-tzuk Anakleto espioiaren pelikula ikusten Tuterako bidea hartu dugu. Bi ordu geroago, Tuterako geltokira iritsi gara. Guraso guztiak gure zain daude. Hauxe izan da Aste Berde zoragarri honen amaiera.