BILBO. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak "Non ikusten duzu Europa Euskadin?" gazteei zuzendurikon argazki lehiaketaren bosgarren edizioa martxan jarri du, gazteen artean Europar Batasunak Euskadiko garapen sozio-ekonomikoari ematen dion babesaren berri emateko helburuarekin.

Antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, lehiaketaren gaineko informazio osoa www.facebook.com/feder.ejgv.euskadi.eus Facebookeko orrian eskuragarri dago, eta argazkiak aurkezteko epea apirilaren 23an bukatuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldaturik egon eta 14 eta 25 urte bitartekoak diren gazteek har dezakete parte. Puntu gehien eskuratzen duen argazkiak Nikon D3300 reflex motako kamera bat (edo antzeko beste bat, aurrekoa lortzerik ez balego) eskuratuko du, 18-55 eta 55-200 VR objektiboekin.

Bigarren geratzen denak, aldiz, Go Pro Hero kamera bat lortuko du, eta hirugarren saria argazkirik ospetsuenarentzat izango da, alegia, web orrian zaleen boto gehien jaso dituen argazkiarentzat, eta Smart Watch Sony erloju adimendun bat eskuratuko du.