BILBO. Basque Culinary Centerrek (BCC), Ikastolen Elkarteak eta Eroskik "Sukaldatu" proiektuari eutsi diote 2015-2016 ikasturtean, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoako eta Nafarroako 15 ikastolako 10 eta 14 urte bitarteko 1.200 neska-mutilek parte hartuko dute, gurasoekin batera. Proiektuaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzea da, elikadura osasungarria bultzatzeko bide egokia delakoan.
Asmo hori erdiesteko, 10-14 urteko ikasleek taldeka ikasiko dute kozinatzen, astebetez, euren ikastoletan. Sukaldaritzan murgiltzea da asmoa eta, hartara, talde bakoitzak egun batez ahalik eta gehiena ikasiko du sukaldaritzari buruz: erosketak egiten, urte sasoiko eta tokiko produktuak ezagutzen, janaria prestatzen eta prozesu osoa hasieratik amaierara barneratzen.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ikasturte honetan, guztira, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 15 ikastolako 10 eta 14 urte bitarteko 1.200 neska-mutikok eta haien gurasoek parte hartuko dute parte. Proiektuaren abiapuntua honako gogoeta hau da: elkarrekin kozinatzea eta jatea funtsezkoak dira familian eta heziketan, batez ere ikasleentzat.
Zehazki, sukaldaritzak arlo batzuetan duen eginkizuna nabarmendu nahi du proiektuak, sukaldaritzak "eragin handia" baitu, besteak beste, osasunean, familiarteko harremanetan eta tokiko aberastasunean, tokiko produktuen bidez. Osasunaren alorrean, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak txertatzea eguneko otorduen plangintzan, baita produktu freskoak erabiltzea eta sukaldaritzari denbora eskaintzea ere.
"Sukaldatu" programan, aste bateko lau goizetan lantegiak egingo dira hainbat ikasgelatako ikasleekin. Nutrizio jarraibideak eta elikatzeko ohitura osasungarriak ez ezik, tokiko eta urte sasoiko produktuak eta sukaldaritzari buruzko nozioak ere irakatsiko zaizkie. Neska-mutilek irakasleekin batera egingo dituzte erosketak, ondoren janaria lantegian prestatu eta, azkenik, kozinatzeko erabili duten eremua garbitu egingo dute.
Gainera, sukaldean aritu ondoren, prestatutako jakiak elkarrekin jango dituzte. Gurasoekin egingo diren saioei dagokienez, asteko bi arratsaldetan izango dira, Basque Culinary Centerreko irakasle baten eskutik.