GASTEIZ. Martxan jarriko den webgune berriaren garapenak teknologia informatiko berria ezartzea dakar berekin, hain zuzen ere, hurrengo urteetan egingo diren garapenei oinarria emango dien teknologia informatikoa.
Une honetan ikusiko diren aldaketa garrantzitsuenen artean, web korporatiboa komuna izango da Eusko Legebiltzarreko eta Interneteko erabiltzaileentzat. Horrek esan nahi du egun barrutik jarrai zitekeen zenbait emanaldiren zerbitzua (prentsaurrena, adibidez) amaituko dela.
Halaber, Eusko Legebiltzarreko barneko informazioa jasoko duen espazio bat egongo da (Barnegune), eta hor zerbitzuek informazioa kudeatuko dute. Espazio horretan kokatu beharreko tresna eta programak garatzea da hurrengo bi urteetan egin behar diren zereginen helburu nagusia.
Gainera, aldi berean hiru emisio egin ahal izango dira (osoko bilkurak, batzordeak eta prentsaurrekoak) formatu estandarrean (mpeg4). Dagozkion sei audio kanalak egongo dira eskuragarri (kanaletako bakoitzaren jatorrizko bertsioa eta itzulia). Emanaldi horiek nabigatzaileen bidez ikusiko dira, eta jadanik ez da beharrezkoa izango horretarako inolako programa espezifikorik erabiltzea.
BIDEOEN FORMATUA
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko bideoen artxibo osoa mpeg4 formatura aldatzen hasi da. Prozesu hori 2016ko azken hiruhilekoan amaitu arte, jadanik izandako bilkuren bideoen kontsulta Real Player programaren bidez egingo da.
Halaber, webguneak diseinu moldagarriaren estandar teknikoak jarraitzen ditu, haren helburua izanik web orrien itxura egokitzea hura bistaratzeko baliatzen den gailura: ordenagailu pertsonalera, tabletara, telefono adimendunera eta abar.
Gainera, Gardentasun Atari bat irekiko da, administrazio publikoek egun argitaratu behar duten informazio guztia jasotzeko helburua duen espazio bat.
Horiek izango dira www.legebiltzarra.eus webgunean ikusiko diren lehen aldaketak, eta oraingoz, ez dute aldaketarik eragingo lan prozesuetan.
Ondoren, berringeniaritza proiektuan aurreikusita dagoen bezala, 2016an zehar eta 2017ko lehen hilabeteetan, Legebiltzarreko gaiak kudeatzeko sistema berria garatuko da (erregistroa, espedienteen kudeaketa, organoen kudeaketa, argitalpenen kudeaketa).