50 urte igaro dira Nafarroako lehenengo Ikastola eratu zenetik, 36ko gerra bitartean, aurretik zeuden euskarazko eskolak bertan behera gelditu baitziren. Hori dela eta, Lina Gorostiagarekin elkarrizketa bat mantentzeko aukera paregabea izan dugu. Emakume hau, Ezkurran jaioa, gure Ikastolako, Paz de Zigandako, lehenengo irakasleetariko bat izan zen. Bere ibilbide profesionala 70. hamarkadan hasi zuen eta 2002. urtera arte aritu zen irakasle adin desberdineko ikasleekin.

Bere jardunbideari buruz galde-tzeaz bat, bere bizitzaren berri eman digu. Nafarroako herrixka batean jaioa, sei urte bete zituen arte ez zuen gaztelania ikasi. Herriko eskolara joan zen eta bertan izandako maistra bere bizitza osoan zehar eredutzat hartu duela kontatu digu. “Erakusten zigun kartak idazten, idazten genien berarekin beste eskoletan izandako bere ikasleei, eta berak guri ere idazten zigun, baina euskaraz. Eta guk erantzun behar gaztelaniaz, debekatua zuen guri euskaraz erakustea. Ateratzen ginen, ostegunetan jai izaten genuen, orain larunbatetan den bezala, eta ateratzen ginen ba paseoak ematera eta orduan euskaraz egin. Euskaraz zuzendu egiten ziguten, gainera”. Bere bizitzan zehar ahaztezinak izan zirela momentu horiek aipatu digu behin baino gehiagotan, eta guzti horiek umore onez gogoratzen dituela.

Etxez etxe ikasle bila Ondoren, magisteritza ikasi zuen, bera baino hamasei urte nagusiagoa zen ahizpa bezala. Ikasketak bukatu eta berehala klase partikularrak ematen hasi zen. Urteak pasa ahala, ezkondu, sei seme-alaba izan eta Iruñera bizitzera joan zen. Hauek eskolara joatean sentitzen zuen bakardadeak, bere auzokideek animatuta, irakasle izatera bultzatu zuen, eta hala, Mikela Gastesirengana joan zen. Mikela, Uxue Ikastola, Nafarroako lehen Ikastola, ireki zuen emakumea zen. Ikastola hau bitan banatu zen, Paz de Ziganda eta San Fermin ikastolak sortuz. Mikelak hauetariko lehenengoan klaseak ematen zituen eta honek, bere euskararen garbitasuna zela eta, Burlatan ikastola bat irekitzea proposatu zion Linari. Hori jakinda, Burlatako apaizarengana joan eta azken hiru urtetan jaiotako umeen izenak eskatu zizkion. Hauek jasotzerakoan etxez etxe joan zen ikasle bila. “Berehala, aste batean, aurkitu nituen 12”. Erriberakoak ziren gehienak: Lodosakoak, Tafallakoak? “Gehien lagundu zidatenak izan ziren. Ezagunengana joan nintzenean “Ba! Ez dakigu euskaraz ongi, ikasi dezatela gaztelaniaz. Ez gu bezala, ezin ulertuz jendearekin”. Hori, erantzun hori ematen zidaten batzuek”.

Lehenengo ume horiekin Kaputxinoek utzitako etxe batean klaseak ematen hasi zen, inongo metodo eta materialik gabe, “ez genuen deusetarako materialik. Bakarrik nuen arbela handi bat eta mahai bat. Nire anaiak egin zizkidan banku batzuk lurrean ez jartzeko umeak. Esertzen ziren bankuetan, hitz egiten genuenean edota ipuinak kontatzen genituenean. Bestela, lurrean eseri eta banku horien gainean idazten zuten. Banku luzeak ziren eta hor gainean idazten zuten. Gero gurasoek ekarri zizkidaten pila bat ipuin eta etxeko jostailu, eta goxokiak umeak engainatzeko”. Metodologiari dagokionez, “hasten ginen “Gure katua pitxitxi, lo eta lo dago beti”. Eta gero “Xagua dago etxean” eta denak joaten ziren sukaldera. “Gure etxeko?.”. Horrela erakusten nien, ez nuen metodorik nik nola irakatsi. Esan eta egin, esan eta egin, dena hori zen. Gero ikasi nituen metodoak. Gero egin genituen ikastaroak”. Horiek horrela, titulazioen gainean, “Francok minik” egin ez zien arren, behin, eskolara inspektorea joan zen bere titulu eske eta, haurrak abesten ikustean, nolabait fidatu egin zen.

Ikastola, bigarren etxe Ikasle kopurua berehala handitu zenez, 1974an beste egoitza bat bilatu behar izan zuten eta Dominikoek erabiltzen ez zuten eraikuntza bat utzi zieten. “Monjek beti behar nuenean izugarri lagundu ninduten”, azpimarratu du irakasle ohiak. Bertan, lehen aldiz, Ikastolako ikasle guzti-guztiak batu ziren eta berak Haur Hezkuntza utzi eta Lehen Hezkuntzan klaseak ematen hasi zen. Bertan, bere seme-alaba gazteenak Ikastolan sartu zituen, baina zaharrena, jadanik nagusia zenez, hasia zen ikastetxean geratu zen. Egunero, eguerdian, bere bila joan eta Ikastolara bazkaltzera eramaten zuen. Ez zuen bazkaririk ordaintzen horren truke jantokian laguntzen zuelako.

Azkenik, 1996an, gaur egungo egoitza dena ireki zen, eta bertan bukatu zuen bere ibilbidea 2002an, baina ordu batzuen falta zuenez, astean hirutan hiru ordu laurdenez aritzen zen, hainbat arlotan lagunduz, beti irri bat ahoan zuelarik.

Argi dago bere ibilbidea luzea eta oparoa izan zela eta Ikastola beraren-tzat zer den galdetzerako orduan, honakoa erantzun digu “Ikastola nire etxea bezala, nire bigarren etxea da. Iruditzen zait ni hor egon naizela betidanik, eta begira, lau ume izan ondoren. Hor egin nuen dena, nire anaiak ere ahal zuen guztia egin zuen.” Amaitzeko, irakasle bezala, nahiz eta gaur egun bere lanbidean diharduten horiek asko exijitzen dutela uste duen arren, beti laguntzeko prest daudela azpimarratu du.