GASTEIZ. Antolakuntzak jakinarazi duenez, ekimenaren helburua gazteen kirola eta parte hartzea bultzatzea da. Horretarako, kirolak dituen balio sozialak goraipatzen dira, jolasten den bitartean eta, hasieran eta bukaeran, dinamika parte hartzaile bat egingo da, non gazteek euren iritziz zer balio komunak dituzten kirolak eta parte hartze sozialak azalduko duten. Dinamika hau jarraituz, parte hartzen duten gazte guztiak nahastuko dira, neskak eta mutilak, bakarrik eta taldeka etortzen direnak, eta abar.

Lehiaketak hurrengo eskema hau jarraituko da: ongietorri dinamika parte hartzailea, lehiaketa, sarien banaketa eta itxiera. Parte hartzeko plazak bete dira, baina publiko bezala joateko aukera irekita dago. Bertan instituzioetako ordezkariak ere izango dira, eta EGKrekin batera antolatzailea den Ekhitarrak Kirol Kluba.

Gainera, Gehitu eta Gaztegehituko talde bat ere hurbilduko da "Ortzadar Liga" kanpainaren barnean homofobiaren aurkako mezuak helaraztera, eta EGK-ko presidente Itsaso Anduezak eta plataformaren talde teknikoak harrera eta antolakuntza lanak egingo dituzte.

Larunbatekoa Gazte Olinpiaden bigarren saioa izango da. Ekimena goalball lehiaketa batekin hasi zen Bilbon aurreko asteburuan. Goalball ikusmen urritasuna duten lagunentzako talde-kirol paralinpikoa da eta itsuak eta itsuak ez diren gazteek elkarrekin jokatu zuten. "50 pertsona baino gehiago elkartu ziren Deustuko kiroldegian, denak gazteak, eta guztion artean giro paregabea sortu zen, Gasteizen ere sortzea espero duguna", azaldu dute.