donostia - Aurtengo Gipuzkoako eskola txikien festa Gabiriako Balentzategik antolatu du eta, eguraldia lagun (goizean, behintzat), ehunka pertsona bertaratu ziren atzo jaiaz gozatzeko asmoz eta eskola txikiak bizirik daudela aldarrikatzeko asmoz.

Eskolaren beraren instalazioez gain, festak herri osoa hartu zuen. Goizean antolatzaileek tailerrak prestatu zituzten gaztetxoentzat, aurpegiak margotzeko, txapak egiteko... Bolatokian ere aritu ziren nor baino nor eta puzgarriak izan zituzten saltoka eta jolasean ari-tzeko.

Giro ederra izan zuten Gabirian goiz osoan zehar, gero okerrera egin bazuen ere. Dena den, bertaratutakoek egunaz disfrutatu zuten.

Gabiriako Balentzategi eskolak gaur egun 38 ikasle ditu duela 100 urte baino gehiago sortutako eraikinean (Udalarena). Eskola txikia izanda, ezaugarri nagusia adin desberdineko ikasleek elkarrekin ikasten dutela da, talde berean. Arduradunek diote horrek gertutasun handiagoa suposatzen duela irakasle eta ikasleen artean eta gazteei egiten zaien jarraipena ere estuagoa dela. Herri edo auzo txikiak bizirik mantentzen laguntzen dutela ere aldarrikatzen dute guraso eta irakasleek.

Gipuzkoan 26 eskola txiki daude eta guztien artean 1.000 ikasle baino gehiago hezten dituzte. 1988. urtean urtero festa bat antolatzea erabaki zuten, haien lana ezagutarazteko eta herri txikiek eta eskolek elkarren beharra dutela aldarrikatzeko. - N.G.